Garbiketa produktu naturalak egiten ikasteko ikastaroa antolatu du udalak

Mireia Galarza Bastida 2023ko abenduaren 11

Aiora Urbieta izango da ikastaroko gidaria.

Hamar saio eskainiko dituzte guztira, zaintza ekologikoa hizpide hartuta, eta gidari lanetan ariko da Aiora Urbieta. Bertan, besteak beste, hortzetako pastak eta ahorako elixirrak, gorputz eta aurpegirako oinarrizko xaboiak, erabilitako olioarekin xaboiak edota arropa garbigarriak zein leungarriak egiten ikasiko dute.

Geroz eta gehiago dira etxeetan erabiltzen diren garbiketa produktu konbentzionalak, baina horien "toxikotasun maila handiaz jabetuta", Zarauzko Udalak garbiketa produktu naturalak egiten ikasteko ikastaroa antolatu du.  

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziaren hitzetan, plastikoak murrizteko hainbat kanpaina bultzatu dituzte udaletik dagoeneko, tartean sendabelarrena, eta helburu horrekin lotuta dator orain antolatu duten ekintza ere. Herritarrak "euren buruaren jabe bihurtzea da helburua", beren produktu naturalak eta plastikorik gabekoak sortuz. Horrela, Ingurumen sailetik Geure gorputzean eta etxean burujabe izeneko ikastaro trinkoa antolatu dute. Hamar saio eskainiko dituzte guztira, zaintza ekologikoa hizpide hartuta, eta gidari lanetan ariko da Aiora Urbieta. Bertan, besteak beste, hortzetako pastak eta ahorako elixirrak, gorputz eta aurpegirako oinarrizko xaboiak, erabilitako olioarekin xaboiak edota arropa garbigarriak zein leungarriak egiten ikasiko dute.

Ikastaroak asteazkenetan eskainiko dituzte, eta abenduaren 13an hasi eta otsailaren 28an amaituko dira. Ikastaroak bi txandatan egingo dituzte: lehenengoa 14:30etik 16:30era (gazteleraz) eta bigarrena 17:00tatik 19:00tara (euskaraz). Ikastaro hau egiteko lehendik sendabelarren ikastaroa egin duten herritarrek izango dute lehentasuna. Hala ere, lehen txandan oraindik bi plaza libre geratzen direla azaldu du udalak, eta norbaitek parte hartzeko interesa badu, 943-00 51 59 telefonora deitu edo zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi dezake. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide