Francisco Paco Urkiak herriko kirolari buruz osatu zuen dokumentazio artxibo zabala Zarauzko Udalaren esku geratu da haren familiak dohaintzan eman ondoren. Carmen eta Elena Urkia alabek eman diote dokumentu sorta udalari, eta honek jakinarazi du udal argazki artxiboan egongo direla eskuragarri aurrerantzean Urkiak jasotako dokumentu haiek guztiak "zarauztar guztion gozamenerako".
2016an zendu zen Urkia 81 urte zituela, eta, bizi izan zen artean ehunka dokumentu gorde zituen aipatu artxiboa osatzeko. Hark ateratako argazkiak dira gehienak, baina badira bestelako dokumentuak ere: aldizkariak, aspaldiko egunkarietako ebakinak, liburuxkak, posterrak eta Zarautzi eta herriko kirolari buruzko dokumentazioa (1930etik 1980ra bitartekoa). Udalak zehaztutakoaren arabera, guztira, 1.440 dokumentu inguru dira artxiboa osatzen dutenak eta 40 karpeta eta 97 bildumetan sailkatu zituen Urkiak, eta, hainbatetan oharrak ere idatzi zituen eskuz. Orain, udala arduratuko da ondare hori ondo kontserbatzeaz, kokatzea eta hedatzeaz, esan bezala.
Zentzu horretan, udalak azaldu du Photomuseumek egin duela argazkien inbentarioa eta sailkapena eta elementu guztien irudi digitala eta deskribapen laburra egitea erabaki duela, "azken emaitza erabilgarriagoa baita, dokumentu berean deskribatutako irudia ikusi daitekeelako". Lanak amaituta, inbentarioa bertsio digitalean naiz paperezkoan kontsultatzeko aukera izango da, bi ataletan: karpetak eta albumak.
Gauzak horrela, Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkiote Urkia familiari "herriarentzat altxorra" delako Urkiak osatutako artxiboa: "Ohore bat da Pacoren argazki funtsa jasotzea. Zarauzko herriaren kirolean erreferentea izan zen Paco: Gipuzkoako hastapeneko futbolaren eta hondartzako futbol lehiaketaren sustatzailea izan zen, baita Nazioarteko Maratoiarena eta Zarautz Kirol Elkartekoa ere. Kirol grinak urteetan zehar argazki funts zabal bat osatzera eraman zuen, nagusiki Zarauzko kirolari buruzkoa".