EH Bilduren udal taldeak gogor kritikatu zuen joan den astean udal gobernuak (EAJ-PNV eta PSE-EE) aurrekontuak osatzeko prozesuan izandako modua, eta, zentzu horretan, “iraingarria izan da benetan” salatu zuen. Adierazpen "ezegoki" horien aurrean, EAJk "beharrezkoa" ikusi du bere iritzia zehaztea, koalizioarekin aurrekontuen inguruan izandako bilerak, azaroko plenoa eta ondoren egindako adierazpenetan izandako jarrerak oinarri hartuta.
“Benetan iraingarria” eta auzo bilera bakoitzera bertaratu diren zarauztar guztiekiko "errespetu falta handia" dela iruditu zaie jeltzaileei udal aurrekontuak idatzi aurreko parte-hartze prozesuari buruz EH Bilduk egindako balorazioa. "Iraingarria da udal talde batek, alkatea eta udal gobernuko kideak auzoz auzo, herritarrekin elkartzeko eta haien sentipenak, kezkak, kexak eta proposamenak ezagutzeko egiten den prozesua gutxiestea. Auzo bilera horiek zarauztarren kezkak bertatik bertara ezagutzen laguntzen digute eta oso baliagarriak dira herritarrentzat interesgarriak diren arloak eta zerbitzuak identifikatzeko eta, hala badagokio, indartzeko eta hobetzeko, baita proposamenak jasotzeko ere".
Aurrekontuak idazteko unean, EAJk beharrezkoa dela uste du EH Bilduk proposamenak azaltzea eta horiek aztertzea. Hiru bilera egin zirela azaldu dute jeltzaileek -bata, maila teknikoan eta beste biak, maila politikoan-, eta oposizioko zinegotziek proposamen zerrenda bat eman zietela udal gobernuko kideei. "Alde batetik, proposamen horietako gehienek ez zuten zehazten aurrekontuan txertatu beharreko diru partiden kopururik eta, bestetik, beste hainbeste dagoeneko martxan zeuden proiektuei buruzkoak (disuasioko aparkalekuak, Malekoiko eta Getariako pasealekuko barandak berritzea) edo udal gobernuak dagoeneko landutako aurrekontuen zirriborroan txertatutakoak ziren: Orokietako eskolaurreko patioa berritzea, Udalekuetako plazak zabaltzeko lizitazio berria, Jasangarritasun Energetikorako Akzio Planean jasotako neurriak ezartzea, Bolatokia berritzea eta estaltzea…", aditzera eman du EAJk.
EH Bilduk aurten ere 'paso'
Jeltzaileek azaldu dutenez, EH Bilduri hainbat elkarrizketa politikoetan argi utzi zioten haien proposamenak jasota zeudela udal gobernuak prestatutako aurrekontuetan. Edonola ere, koalizioari euren proposamenak udalbatzarrean defendatzeko eskatu zieten, "zuzenketa-emendakin bidez, txertatu beharreko diru partiden kopuruak zehaztuz eta horretarako ordezkatu edo murriztu beharreko kopuruak adieraziz, hori guztia aurrekontuaren oreka mantentzeko".
EH Bilduk, ordea, ez zuen ezer aurkeztu, eta jeltzaleen hitzen, "iaz bezala, aurten ere paso egin du" eta ez du aurrekontu proposamenean "diru partida bakar bat ere zuzendu". Kasu honetan, EAJk kritikatu du koalizioaren jarrera: "Beste behin, EH Bildu euren proposamenak sare sozialetan eta prentsan zabaltzera bakarrik mugatu da. Txio asko Twiterren, baina plenoan fundamendu gutxi. EH Bilduk jarrera serio eta eraikitzaile baten alde egin zezakeen aurrekontuei zuzenketak eginez, baina, aurten ere, EZ bozkatu du. Badirudi ezezkoan eroso direla".
EAJk ziurtatu du "hankak lurrean eta kalean" dituela jarraituko duela lanean: "Herritarrekin gertuko harremana izaten jarraituko dugu zarauztarrei zuzendutako zerbitzuak eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Aurrekontu hauek horretarako diseinatu ditugu. Orain arte bezala, lanean jarraitzeko unea da, martxan ditugun lanak amaitzeko eta zarauztar gehienok ilusioz betetzen gaituzten proiektu berriak martxan jartzeko".