"Amorruz bizi ditugu gaztetxearen kontrako erasoak, baina ez ezintasunez"

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 8a

Hiruputzu gaztetxearen irekiera eguneko bazkaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Hiruputzu gaztetxeak oharra kaleratu du gaur sare sozialetan, aste honetan eraikinean pairatu duen lapurretaren inguruan. Adierazi dutenez, "milaka euroko" balioa dute ostu zieten materialek.

Asteartetik asteazkenerako gauean lapurreta egin zuten Hiruputzun, eta gaztetxeko kideek berehala salatu zuten sare sozialen bidez gertatutakoaren berri; hainbat irudi jarri zituzten erakusgai indarrez nola sartu ziren erakusteko. Kontzertuetarako materiala eta baliozko tresnak ostu zizkietela jakinarazi zuten, gainera.

Gaur, Hiruputzu gaztetxeak ohar berri bat kaleratu du sare sozialetan lapurretaren harira. Eraikinean antolatzen dituzten "ekimen desberdinetako behar-beharrezkoa den material ugari" kendu dietela azpimarratu du, eta, halaber, "milaka euroko lapurreta" izan dela zehaztu dute.

"Amorru eta haserre handiz bizi ditugu gaztetxearen kontrako horrelako erasoak, baina ez ezintasunez. Aurrera goaz abenduko egitarauekin, eta seguru gaude, orain arte bezala, eguneroko lanarekin aterako dugula aurrera gaztetxea eta bertako jarduna", nabarmendu nahi izan dute.

Alabaina, ezinbestekotzat jotzen dute datozen asteetan eta hilabeteetan "bultzada handi bat ematea" Hiruputzuri, lapurretak eragindako kalteei aurre egiteko. Horregatik, herritarrak gonbidatu dituzte antolatu dituzten ekimenetara bertaratzeko eta bultzada emateko.

Gaztetxeko hurrengo hitzorduak: 
  • Abenduak 8: Cromo eta Ezta Ilen 
  • Abenduak 15: Bertsio Gaua  Abenduak 16: Rodeo eta Ezpalak
  • Abenduak 22: Kopla Txapelketa
  • Abenduak 23: Skareggekasko, Eire eta DJ Bon
  • Abenduak 28: Jai/Egun, Asier Beramendi eta Horma (Lege Berria) 
  • Abenduak 29: Horror Vacui eta Olor
  • Abenduak 31: Urtezahar Gaua

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide