Eva Azkue margolari zarauztarraren Dama jokoa erakusketa inauguratuko dute Arkami galerian (Kale Nagusiko 32.ean), asteazken honetan, 18:30ean. Azken urteetan egindako hainbat lanez osatuta dago, zeinean sentsualitatea eta barne indarra uztartzen dituen. Kolore indartsuak eta emakume indartsuak ikus daitezke bere margolanetan.
Eva Azkueren esanetan, Dama jokoa bildumak "gogoeta eta enpatia" ditu oinarrian: "Elkarrizketa sakonean murgilduriko emakume taldea da, elkarri entzuteko borondatez; euren bizitzaren jabe dira, eta, zeharka, ikuslea gonbidatzen dute kolore saturatu eta sentsualen zertzelada intimoan batu dadin".
Nolabait ere, gorputzaren eta haren keinuen eta bolumenenen ikerketa saioa dela nabarmendu du artista zarauztarrak, "estilo naif eta intimistan". Irekiera egunean, Azkueren konpainian lanak ikusi eta solasean aritzeko aukera izango da, zerbait jan eta edanez.