Paulo Ostolaza: "Beste egiteko modu batzuk ezagutu ditut kanpoan"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 8a

Paulo Ostolaza eskubaloi atezaina (utzitakoa).

Zarautzek lagata, Paulo Ostolaza (Zarautz, 1997) eskubaloiko atezaina O Rosaleko (Galizia) Atletico Novas taldean ari da azaroaz geroztik. Bihar amaituko du «oso aberasgarria» izan zaion ibilbide laburra. 

Hilabetea igaro da jada Galiziara iritsi zinenetik. Nolakoa izan da egokitzapena?

Etxetik beste toki batera mugitzen zarenean denbora apur bat behar izaten duzu lekura egokitzeko, harremanak egiteko eta entrenamenduetako dinamika barneratzeko. Azken finean, guztia zaizu berria, baina hasieratik oso erraza izan da dena. Taldearekin entrenatzen hasi nintzen momentutik hartu ninduten oso ongi eta ez dut arazorik izan. Zentzu horretan, denboraldia Zarauzko taldearekin hasi nuenez eta jokatzetik nentorrenez, ez dut aparteko lanik egin behar izan kirol aldetik sasoi egokia hartzeko. Gainera, etorri aurretik argi nuen ongi egokituko nintzela taldera, oso herrikoia delako eta eskubaloi zaletasun handia dagoelako O Rosalen. Jokalariak ere ezagutzen nituen, batzuk gehiago eta beste batzuek gutxiago, baina ez dut aparteko zailtasunik izan.

Era berean, oso eroso nago klubak lortu zidan bizilekuan. Bigarren entrenatzailearekin eta beste pertsona batekin partekatzen dut pisua eta etxetik lan egiteko behar dudan guztia daukat eskura; izan ere, telelanean ari naiz une honetan. 

Egokitu zarenerako, ordea, agur esatea tokatzen zaizu.

Hala da, bai. Biharko partida baino ez zait geratzen. Dena den, beste astebetez luzatuko dut egonaldia, lan kontuak tarteko, hobeto datorkidalako. Horrek aukera emango dit klubak antolatu ohi duen Gabonetako afarira joateko, eta orduan agurtuko dut taldea. Hala ere, badut arantzatxo bat: taldeak etxean izango duen hurrengo partida Burgosen aurka izango da eta Beñat Manterola zarauztarra bertan ari da jokatzen orain. Haren aurka jokatzeko ilusioa neukan.

Nolatan izan duzu hain egonaldi laburra?

Javi Diaz atezaina ordezkatzeko fitxatu naute. Kirol ibilbide luzea egin ondoren (48 urte ditu) herriko taldera itzuli da azken denboraldia egiteko, baina urri amaieran min hartu zuen eta ebakuntza egin behar izan zioten. Hala eta guztiz ere, osatutakoan denboraldia amaitzea erabaki du ez duelako nahi erretiroa hartu lesionatuta. Horregatik, hura errekuperatu bitartean ordezko atezain izateko deitu ninduten. Jada hasi da atepean entrenatzen, eta, ondorioz, adostu genuena beteko dugu; izan ere, tratua horixe izan hasieratik. Denboraldi amaierara arteko eskaintza izan balitz, ezingo nukeen onartu, ezinezkoa bailitzateke nire lan jarduera Galiziatik egin horren denbora luzez.

Eskubaloiko eskaintzak ez dira izaten ekonomikoki aberasteko modukoak, ezta?

Eskubaloia ez da futbola. Aurrez ere jaso izan ditut proposamenak kanpora irteteko, baina beste gauza batzuei eman izan diet lehentasuna: ikasketei, Erasmus egitasmoari, lanari... Ezin nien halakoei uko egin hilean 500 euro irabazteko. Oraingoan baldintza egokiak izan dira eta horregatik onartu dut eskaintza.
 
Gainera, gogoa ere banuen esperientzia berria bizitzeko, orain arte Zarautzen jokatu izan dudalako beti. Dena den, zorteduna ere izan naiz taldea urte askoan aritu delako goi mailan eta oso jokalari onak izan ditudalako alboan. Kanpora ateratze honek, ordea, balio izan dit beste egiteko modu batzuk ezagutzeko eta ikusteko zer egiten dugun etxean hobeto ala okerrago. Oso aberasgarria ari da izaten, egia esan.

Azaldu duzunez, lesio batek bultzatu du zure aldi baterako fitxaketa. Egun batetik bestera hartu behar izan zenuen erabakia, beraz.

Deia jaso nuen egunean bertan hasi nintzen egin beharreko kontsultak egiten lanean eta taldean. Esfortzua eginda posible zela ikusten nuenez, baiezkoa eman nien. Izan ere, ilusio handia egiten zidan Zilarrezko Mailara itzultzeak eta O Rosalen jokatzeak. Esan bezala, banekien sekulako zalegoa dutela: ikusgarria da jarraitzaileek nola animatzen duten taldea. 

Amenabarrek utzita ari naiz jokatzen eta konpromisoa hartu nuen urtarrilean etxeko taldera berriro batzeko.  Gainera, denboraldia orain arte nola joan den ikusita itxura guztia du Zilarrezko Mailara itzultzeko igoera fasera sailkatuko dela, eta nire betiko taldearekin hori jokatzeak ere ilusio handia egiten dit.

Hortaz, etxekoen ibilia gertutik jarraitzen ari zara?

Partida denak ikusten ari naiz eta taldekideekin harremanetan nago etengabe. Egia esan, sekulako meritua du orain arte lortutakoak. Jokalari ia guztiak harrobikoak dira eta baja dezente ari da izaten lesioen ondorioz. Gainera, beste kategoria batera egokitu behar izan du iaz maila galdu ondoren eta koska bat beherago egon arren, ez da kategoria erraza. Horregatik, hamahiru partidatik hamabi irabazi izana izugarria iruditzen zait.

Penaz edo asebeteta itzuliko zara Zarautzera?

Biak. Amenabarrekin jokatzeko eta nire gertukoekin egoteko gogoa ere badut, baina, aldi berean, gustura jarraituko nuke Galizian. Oso esperientzia ona ari da izaten, eta sentitzen dut betetzen ari naizela nire egitekoa. Laguntzera etorri naiz eta gustura nago orain arte egindakoarekin. Egia da, lehenengo partidetan minutu gutxiago jokatu nituela, baina joan den asteburuan, adibidez, 40 minutu jokatu nituen eta partidako jokalari onenaren saria jaso nuen. Dena den, sariak bazuen gozoagoa izateko aukera, gol bakarreko aldearekin galdu genuelako norgehiagoka osoan markagailuan aurretik joan ondoren.

Nazioarteko gaien berriemaile eta sareen kudeatzaile


Eskubaloiko atezaina izateaz gain, kazetaria ere bada Paulo Ostolaza. Berrian egiten du lan eta Galiziatik ematen ditu albisteak orain. Dena den, azaldu duenez ez zaio berria etxetik lanean aritzea: «Ohituta nago telelanera. Igandetik asteazkenera artekoa da nire lan astea eta astean bitan egiten nuen Zarauztik. Orain egunero egiten dut».

Gainera, egin beharreko lanak egiteko ez da ezinbestekoa Euskal Herrian egotea: «Nahiko postu berezia dudanez, horrek ahalbidetzen dit Galiziatik lan egin ahal izatea». Zehatzagoa ere izan da atezaina: «Igandeetan webgunearen eta sare sozialen kudeaketa osoa nire ardurapean daude, ni naizelako egun horretan lan egiten duen lantaldeko kazetari bakarra. Gertatzen den orori adi egon behar dudanez, denetik egin behar izaten dut: kirola, politika, gizartea... Astelehenetik asteazkenera, berriz,  nazioarteko albisteak lantzen ditut azken asteotan. Azken horiei buruzko informazioa ere ez dugunez bertatik bertara jasotzen, ez dut eragozpenik albisteak Galiziatik idazteko».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide