'Ez naiz inoiz Dublinen egon' antzezlana izango da bihar Modelon

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 7a

'Ez naiz inoiz Dublinen egon' antzezlana. (Tentazioa)

Emanaldirako sarrerak agortuta daude aspalditik. Protagonisten artean, Iñigo Azpitarte aktore zarauztarra ariko da oholtza gainean.

Duela ia urtebete estreinatu zuen Tentazioa konpainia Ez naiz inoiz Dublinen egon antzezlana, eta bihar arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Modelo aretoan taularatuko dute. Emanaldiaren iragarpenak egundoko arrakasta izan du, ezen badira aste batzuk sarrera guztiak agortu direla.

Antzezlaneko lantaldean Iñigo Azpitarte aktore zarauztarra dago, eta akaso horrek izan du eraginik sarreren salmentan. Azpitarte Martin izango da obran, Amesti familiako anaia nagusia, eta, obrak famili horren Eguberri Gaueko gorabeherak kontatuko ditu, hain justu ere.

Aktore zarauztarrak Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Mireia Gabilondo izango ditu lagun agertokian eta publikoa barrez leherrarazten ahaleginduko dira komedia baita Ez naiz inoiz Dublinen egon. Dena den, hausnarketarako bide ere ematen du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide