'Azken denbora' argitaratu du Nerea Loiolak, bigarren "eskapu" liburua

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 5a

Nerea Loiola 'Azken denbora' liburu argitaratu berria eskuetan duela. (Erein)

Zarauzko bizilagunak Durangora eramango du abentura proposamen berria ostegunean, baina jada aurreratu duenez, aurrekoa baino "konplexuagoa" da.

Nerea Loiola idazle debarrak Eskapu Liburuak bildumako bigarren lana plazaratu du Durangoko Azokaren atarian. Zarauzko bizilagunak Azken denbora deitu du bigarren abentura proposamena eta Erein argitaletxearen eskutik argitaratu du. Atzo egin zituen lehen aurkezpen lanak Donostian eta etzi egingo ditu Durangon, Ahotsenea Literatura-Musika Eskolan.

Loiolak azaldu duenez, iaz kaleratutako 7G udalekuak lehenengo "eskapu" liburuarekin alderatuta, "konplexuagoa" da bigarrena: "Zailtasun maila apur bat handitu dut, bai istorioaren aldetik eta bai egitura aldetik ere".

Halaber, tramari buruzko hainbat zertzelada eman ditu: "Irakurlea izango da protagonista eta bere lagunik onenarekin bizilagun duten emakume dirudunaren logela margotu beharko du. Hain justu, bertan gertatuko den zerbaitek abiatuko du abentura. Arriskutsua izango da eta denboran aurrera eta atzera egingo du irakurleak. Bidean erronka handiak aurkituko ditu eta haiei aurre egiteko ondo hausnartu beharko ditu erabakiak; izan ere, asmatuz gero, gizarte osoa salbatuko du".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide