Munduko Txapelketa lehiatzeko hautatu dute Nadia Erostarbe

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abenduaren 5a

Nadia Erostarbe joan den irailean El Salvadorren jokatutako Munduko Surf Txapelketan. (ISA Surf)

Puerto Ricon jokatuko dute datorren urteko otsailaren 22tik martxoaren 2ra eta bertan banatuko dituzte Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko azken txartelak. Surfari zarauztarrak Iberdrola ligako azken proba ere jokatu du asteburuan eta garaipenak gutxigatik egin dio ihes.

Nadia Erostarbek Espainiako Surf Selekzioaren deia jaso du beste urte batez Munduko Txapelketa lehiatzeko. Otsailaren 22tik martxoaren 2ra izango da Puerto Ricoko Margara hondartzan eta Parisko Olinpiar Jokoetarako azken txartelak ere banatuko dituzte bertan.

Erostarbe da, gainera, Espainiako Selekzioak deitu duen herriko ordezkari bakarra. Irailean jokatutako txapelketan hiru izan ziren Espainiaren izenean aritu ziren zarauztarrak, Adur Amatriain eta Aritz Aranburu ere sartu baitzituzten deialdian. Oraingoan, ordea, kanpoan geratu dira. Haiekin batera, Keoni Lasa ere aritu zen Munduko Txapelketan, baina Venezuelako selekzioarekin egin zuen.

Dena den, eskualdeko beste surflari batek ere lagunduko du Erostarbe Puerto Ricoko Munduko Txapelketan; izan ere, Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra ere hautatuen artean dago. 

Ezin Iberdrola liga errematatu

Surflari zarauztarrari lotuta, era berean, Kanarietan izan da joan den asteburuan Iberdrola ligako azken proba jokatzeko, Las Palmas Kanaria Handikoan. Esku-eskura zuen Erostarbek Espainiako zirkuitua irabaztea eta gertu izan zuen garaipena, gainera, probako finalera sailkatu baitzen. Azken unean, ordea, ihes egin zion eta Melania Suarez kanariarrak irabazi zituen proba zein zirkuitua. Azken horretan, ezinbestekoa izan zitzaion Ariane Otxoak lortutako bigarren postua; izan ere, segundo gutxiren faltan aurreratu zuen zarauztarra.

Ruben Vitoria eta Adur Amatriainek ere hartu zuten parte Las Palmas Kanaria Handikoan jokatutako azken proba horretan, baina finalaren atarian geratu zituzten biak. Finalaurrekoetan kanporatu zituzten.

Nadia Erostarbe podiumeko hirugarren kaxan, Las Palmas Kanaria Handikoan jokatutako Iberdrola ligako azken proba amaitu berritan. (surfing.es)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide