-1-
Dutxatu ondorengo gorputza
garbia dago. Jakina!
Zergaitik lehortu ta guretzat
toaila dago zikina?
-2-
Hiztegi batekin emandako
kristoren kaskatekoa
Ze eraso mota izango da
fisiko ala hitzezkoa?
-3-
Pertsona baten puzkerraldiak
ohikoa du kiratsa
Errege batek botatakoak
Noblea ote du gasa?
-4-
Genio baten eskaintza bada
zuretzat hiru desio
Zalantzik gabe egokiena
ez al da hiru genio?
-5-
Artilezko arropa garbituz
uzkurtzen da berehala
Zergaitik ardiak euripean
ez dira uzkurtzen hala?
-6-
Norbait lursail bateko jabea
izan litzateke,baino
Jabegoa lur azpian al da
munduaren erdiraino?
-7-
Ispiluak aurrean duena
isladapen dotorea
Aurrean ezer ez duenean
zein da bere kolorea?
-8-
Barrea omen da diotenez
sendagairikan onena
Zergaitik ez dago botiketan
barre egiten duena?
-9-
Zenbakiak ezagun ditugu
eguneroko lanetan
Nola idazten ote da zero
erromar zenbakietan?
-10-
Adin handiko pertsonak dira
zaharrak umeentzako
Zergaitikan umeak ez dira
berriak zaharrentzako?