Abenduak 1 zituen atzo, eta iluntzean Gabonetako argiak pizteko ekitaldia izan zen Musika Plazan. Zarauzko Udalak eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak antolatzen dute ekitaldia, eta aurtengoan Urkia dendako Karmen eta Elena izan ziren argiak pizteko ohorea izan zutenak. Jende asko elkartu zen piztuera ikustera, eta ez zen haurrik falta atzera kontaketa ozen egiteko.
Botoi magikoa sakatu ondoren, urkiatarrek emozioz entzun zituzten Schola Cantorumek eskainitako Gabon kantak, eta haien ondoan izan ziren Xabier Txurruka alkatea eta Leire Arana zinegotzia ere. Txurrukak Urkia dendaren ibilbide luzea goraipatu zuen ekitaldiaren hasieran.
Hotz Zarautzek ere parte hartu zuen ekitaldian, txokolate beroa eskainiz han bildutakoei. Ilara luzea osatu zuten herritarrek, edari beroa hartzeko gogotsu.