Urkia familiak piztuko ditu gaur Gabonetako argiak

Aritz Mutiozabal 2023ko abenduaren 1a

Gaur piztu dituzte Zarautzen Gabonetako argiak. (Aritz Mutiozabal)

Ekitaldia 18:00etan izango da, Musika Plazan, eta Schola Cantorumek eta Hotz Zarautzek ere hartuko dute parte. Aurten ere Iluminaciones Ximenez enpresak egin du argiteriaren instalakuntza.

Gaur arratsaldean egingo dute Gabonetako argien piztuera ekitaldia, 18:00etan, Musika Plazan. Urtero legez, Zarauzko Udalak eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak antolatzen dute, eta, aurten Urkia familiako kideak gonbidatu dituzte ekitaldira, herriko argiak pizteko ohorea izan dezaten. Era berean, Schola Cantorum abesbatzak Gabonetako hainbat abesti interpretatuko ditu, eta Hotz Zarautz elkarteak txokolate solidarioa eskainiko die bertaratzen direnei

Urkia paper dendak bere jardunean aldaketa izango du, 90 urte baino gehiago horretan aritu ondoren. Urte luze horietan "familia honetako belaunaldi desberdinek egindako lanaren aitortza eta eskertza" egin nahi diotela adierazi du Leire Arana Turismo zinegotziak gaurko ekitaldirekin. Horrez gain, argiek herriko kaleak Gabon giroan murgiltzen dituztela nabarmendu zuen, baita "herritarrak bertako merkataritzan erostera sustatzeko bide bat ere".

Iazko enpresa bera

Iaz bezala, Iluminaciones Ximenez enpresa arduratu da aurten ere Gabonetako argiteriaren instalakuntzaz, 58.203,20 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Kostuaren gehiengoaz udala arduratu bada ere, Murkil elkarteak 15.900 euroko ekarpena egin du. Argiteriaren %100a kontsumo baxuko LED teknologiako bonbillaz osaturik egongo da, azken urteetan kontsumoa jaitsi eta argiztaturiko guneak gehitzeko Udalak hartutako ildoa jarraituz.

Aurten, beste bi eremu gehitu dituzte Gabonetako argien mapan. Salberdin iparraldeko urbanizazioa ireki ondoren, bertan txertatu diren Bizkaia-Urdaneta eta Bizkaia-Aitza kaleetako biribilgune berriak argiztatuko dira. Gaurko ekitaldiaren ondoren, Gabonetako argiak urtarrilaren 6ra egongo dira piztuta egunero, arratsaldez, 18:00etatik 22:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide