Etziko greba orokor feministan aurrera eramango dituzten ekintzak iragarri dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko azaroaren 28a

Herritarrak protestan, Zarauzko Koordinadora Feministak deituta, joan den larunbatean egin zuten manifestazioan. (Jabi Gonzalez Toston)

Eguerdian egingo dute mobilizazio nagusia herrian, eta, arratsaldean Zumaiara joko dute eskualdekoa egiteko. Halaber, protestarekin bat egin duten hainbat gizonek zaintza-gunea zabalduko dute Bizkaia kaleko 11. zenbakian.

Zarauzko Koordinadora Feministak azaroaren 30eko greba orokor feminista dela-eta prestatu duten egitarauaren berri eman dute sare sozialetan. Lau izango dira herrian aurrera eramango dituzten ekintza nagusiak:

  • 09:00etan, gurpil martxa eta oinezkoen martxa Eguneko Zentrotik abiatuta.
  • 11:00etatik 11:45era, mikrofono irekiak Lege Zaharren Enparantzan eragileek eta elkarteek beren aldarrikapenak plazaratu ditzaten.
  • 12:00etan, manifestazioa Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta.
  • 14:00etan, bazkari feminista musika eskolan. Nork bere etxetik eraman beharko du jatekoa.

Arratsalderako, berriz, Zumaiara joateko deia egin du Bilgune Feinistak; izan ere, eskualde mailako manifestazioa egingo dute 18:00etan hasita.

Zaintza-gunea

Halaber, jakinarazi dute herrian egingo dituzte aipatu ekintza guztiak iraun bitartean zaintza-gunea ahalbidetuko dutela Bizkaia kaleko 11. zenbakian hainbat gizonek. Zehaztu dutenez, 08:45ean zabalduko dute zerbitzua eta 13:00ak arte izango da zabalik herriko mobilizazio nagusia 12:00etan izango delako.

Horrez gain, azaldu dute zaintza-gunea erabat irekia izango dela eta ez dela beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Hala, haurrak bertan uztera animatu dituzte herritarrak, baita gizonak ere zaintzaile lanak egitera. Zerbitzuaren erabilera eta parte hartze ordutegia malgua izango da irekiera orduen barnean, norberaren beharretara egokitua, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte haur guztiak eroso sentitu daitezen: Besteak beste, margoketa, malabareak, ipuin kontalaria, hamaiketakoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide