Zarauzko Argazkizale Elkarteak ostiralean inauguratu zuen Ramon Serras 31. Nazioarteko Argazki Mostra, Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. Aurten, ospe handiko Elisa Biagi, Nuria Blanco, Silvia Catalan eta Pedro Luis Ajuriaguerra argazkilarien lanak paratu dituzte. «Aurtengo mostra antolatzen hasi ginenean oso argi eduki genuen emakumeen lanari ikusgarritasuna eman nahi geniola, eta uste dugu lortu dugula, hiru emakume argazkilariren lanak ekartzen erakusketara», nabarmendu zuen Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidente Jon Atxutegik. "Bizitzako beste hainbat esparrutan bezalaxe, argazkilaritzan ere emakume gehiago behar ditugu, beraien ikuspegi pertsonala isla dezaten argazkien bidez", gaineratu zuen.
Erakusketa aretoa lau gelaz osatuta dago, eta argazkilari bakoitzari gela bana eskaini diote bere obra jartzeko. Lehen gelan, Elisa Biagi italiarrak New Yorkera (AEB) eginiko bidaian eginiko argazkiak ikus daitezke. "Hilabete bat egon nintzen New Yorken, eta proiektu hau nire sentimenduen interpretazio bat da; eta ez nolabaiteko dokumentazio bat», adierazi zuen Biagik. «Nire familia estatubatuarra bizi den ingurua erretratatu dut, aurrez ezagutzen ez nuena», zehaztu zuen, eta hori zerbait «sinbolikoa» izan dela. Lehen joaneko argazki bidaiak bakarrik egiten zituen, baina proiektu honekin konturatu da «itzultzearen garrantziaz". Horrez gain, italiarrak QR kodea jarri du bere argazkietan proiektuaren aurkezpen musikatuarekin.
Nuria Blanco bartzelonarrak Jaizkibelgo Labetxu itsaslabarretako irudiak aurkeztu ditu mostran. Zehatzago esateko, labarren larruazaletako orbanak, zimurrak eta orinak. «Sentimendu handiz» landutako proiektua izan dela aditzera eman zuen Blancok: "Labetxun argazkiak ateratzeko aukera amets bat bezala izan zen niretzat. Gainera, argazkiak ateratzen joan nintzen ahala, gero eta eszena gehiago ikusten nituen. Ondoren, ordenagailuan aztertzen nituenean, irudimena izanez gero, bizitzaren jatorria izan daitekeena ikus dezakezu".
Silvia Catalan nafarraren erretratuek sekulako arrakasta dute eta, une honetan, eskaera ugari ditu. Sanz Eneako hirugarren gelan daude bere erretratu ikusgarrienetako batzuk: Nerea Garmendia, Julian Iantzi eta Manu Tenoriorenak. Horiez gain, mundu fantastikoa eta epikoa uztartzen dituen argazki errealistak ere jarri ditu. Gainera, gela erdian, totem moduko argazki zutabe bat dago. "Nire argazkigintzak asko du fantasiatik, kolore biziz landua, maitagarri, iratxo eta pertsonaia enigmatikoekin".
Intsektuak, ezezagun txiki horiek proiektua eman du Pedro Luis Ajuriaguerra bizkaitarrak laugarren gelara. Makro argazkilaritzaren teknika erabilita, edozeinentzat erabat oharkabean pasatuko liratekeen xehetasunak eta ñabardurak bereizmen osoz aurkeztu ditu. "Era guztietako intsektuak ikus ahal izango dituzue, baina modu ikusgarrian. Bakoitzak irudikatu dezake nahieran: boxeo borroka bat edo Alien filmeko pertsonaia".
Urtarrilaren 21era arte izango da ikusgai mostra, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Gabonak direla, ordea, egun jakin batzuetan aretoa itxita egongo da: abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an, hain justu ere.