Ohi bezala, Zurekin Ostalarien Elkarteak urte amaierako kanpaina bat jarri du martxan, eta aurtengoan, "deskontu handiak" egingo dizkiete bezeroei, urtean zehar izan duten "leialtasuna eskertzeko". Gaur hasi eta abenduaren 20ra arte, bezero batek Murkil txartelarekin ordaintzen duen bakoitzean, % 10eko, % 30eko edo % 50eko deskontua bermatuta izango du, ausaz erabakitakoa. Erosketa guztiek izango dute saria.
Aurtengo kanpaina Murkil txartelaren bidez egitea erabaki dute. Izan ere, elkartearen hitzetan, "geroz eta jende gehiagok" ordaintzen du txartelarekin, eta ostalariek errealitate horretara egokitu nahi izan dute. “Garai honetan ohikoa den bezala, zarauztarrak eta gure bezero leialenak saritu nahi ditugu sari eta deskontuekin” dio Martin Arguiñano Zurekin elkarteko lehendakariak. “Aurten inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira sariak. Imajinatu 100 euroko zerbait erosten duzual eta % 50eko deskontua tokatzen zaizula. Bada, 50 euro sartuko ditugu zure txartelean” gehitu du Maider Izagirre elkarteko koordinatzaileak.
Kanpaina abenduaren 20an bukatuko da, edo lehenago, elkarteak kanpaina honetarako jarritako 5.000 euroko aurrekontua agortzen bada. Zehazki, hamahiru negoziok hartu dute parte kanpainan: Kirikilla jatetxea, Itxas Lur taberna, Olatugain, Tivoli, BAI Batzokia, Gure txokoa, Labaka Enoteka, Naparrak taberna, Karlos Arguiñano, Salegi Taberna, Telesforo, Asador Gran Camping Zarautz eta Euromar.