Hogei taldek hartu dute parte Emakume Futbolari Egunean

Jabi Gonzalez Toston - Maialen Etxaniz 2023ko aza. 27a, 10:00

Hondartzako Futbol Txapelketan emakumezkoen parte hartzea handitzeko jardunaldi berezia jokatu dute eta gustura agertu dira antolatzaileak jasotako erantzunarekin.

Plaieroetan sekula ikusi gabeko irudia utzi zuen atzoko jardunaldiak; izan ere, hamar joko eremu bete zituzten emakumeez soilik osatutako hogei futbol taldeek. Zortzi Hondartzako Futbol Txapelketa ofizialean aritu ziren eta beste hamabiek antolatzaileen ekimenez egin zuten jardunaldi irekian hartu zuten parte. Azken horiek, hogei minutuko adiskidantzazko bina partida labur jokatu zituzten eta gustura aritu ziren guztiak. Zarauzko taldeak ez ezik, inguruko herrietatik etorritakoak ere izan ziren, gainera.

Emakumezkoen parte hartzea handitu nahi du plaieroetako talde antolatzaileak datorren denboraldiari begira, eta, helburu horrekin antolatu zuten, hain justu, atzoko Emakume Futbolari Eguna: jokalari gehiago erakartzeko. Hala, parte hartzea ikusita, pozik eta itxaropentsu agertu dira antolatzaileak. Gainera, badira datorren urtean izena emateko gogoa adierazi duten taldeak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide