Iruindarrak nagusi Euskal Herria K-1 jaialdian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 26a, 17:30

Jon Larrazak irabazi du 71 kiloz azpiko K-1 Basque Country Txapelketa amateurra eta lehiaketatik kanpo aritu den Izan Ibirikuk eraman du aurtengo ekitaldiko borrokalari onenaren garaikurra. Parte hartu duten bi zarauztarrek galdu egin dituzte beren borrokaldiak.

Jon Larraza eta Izan Ibiriku borrokalari nafarrak izan ziren borrokalari onenak atzo iluntzean Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako Kick boxingeko Euskal Herria K-1 jaialdian. Biak talde berekoak dira, gainera. Iruñeko Kanku taldekoak, hain zuzen ere. Larrazak 71 kiloz azpiko K-1 Basque Country Txapelketa amateurra irabazi zuen; atzoko txapelketa nagusia, alegia, eta, Ibiriku berriz jaialdiko borrokalari onena aitortu zuten; izan ere, txapelketatik kanpo jokatu zituzten borrokaldietako batean aritu zen.

Bada, lehiaketa nagusitik kanpo jokatutako buruz buruko horietan bi zarauztarrek ere hartu zuten parte. Cristhian Castañedak eta Aritz Iruretak, zehazki. Biek ala biek ezin izan zituzten aurkariak menderatu, nahiz eta Iruretak gertu izan zuen garaipena. Zarauztarrak hiru roundetik bi irabazi zituen, baina ez zen aski izan galdutako lehenengoan aurkariak atera zion puntu aldea iraultzeko.

Hamabost izan ziren gustira atzoko jaialdiak hartu zituen borrokaldiak, eta horietatik bakarra emakumeen artekoa. Bizkaiko AKT taldeko Sara Rubio eta Errenteriako (Gipuzkoa) Kenthai taldeko Mai Lihn vu Montero aritu ziren nor baino nor eta bizkaitarra izan zen garaile. Emakumezkoei lotuta, antolatzaileek azaldu dute aurtengo ekitaldiko borroka estelarrerako emakumeen arteko borrokaldia antolatu asmo zutela Kuraia Zarautz etxeko taldeko Ainara Torviscoren parte harztearekin; baina bertan behara utzi beahr izan zutela borrokalariak min hartu zuelako urria amaieran. Nolanahi ere, hemetzortzigarren edizioa izango den datorren urteko jaialdirako berriro antolatzeko asmoa dute.

Bada datorren urtekoari begira, hain justu, antolatzaileek adierazi dute atzo bertaratu ziren hainbat ikuslek jada agertu dutela interesa; izan ere, "maila handia erakutsi zuten borrokalari guztiek, eta, zuten guztia utzi zuten ringean". Gainera, antolatzaileen esanetan, "borrokaldi denak izan ziren onak orokorrean maila nahiz intentsitate aldetik".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide