Gaur Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da eta Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak emandako datuek argi erakusten dute Zarautzen ere bizi-bizirik jarraitzen duela indarkeria matxistak.
Parekidetasun sailak urtean bitan egiten du herrian artatutako indarkeria matxisten zenbaketa: ekainean eta abenduan. Aurten, ordea, ekainean ez dute ohiko zenbaketarik egin ez dituztelako datu guztiak jaso. Hala, iazkoak dira azken datuak: 2022an, ekainera bitarte 32 kasu zenbatu zituzten Zarautzen, eta abendura bitarte, 62. Biktimetatik 41ek Ertzaintzara jo zuten erasoaren berri ematera eta 21ek Gizarte Zerbitzuetara zuzenean.
Nolanahi ere, udalak emandako datuek erakusten dute gorakada esanguratsua izan zutela iaz indarkeria matxista kasuek Zarautzen; izan ere, 2021ean 40 izatetik 62 izatera igaro ziren. Biktimen %40 soilik izan ziren salaketa jarri zutenak, ordea.
Arreta eskatu zuten emakumeen erdiek indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso zutelako egin zuten, eta %3,23k indarkeria fisiko, psikologiko nahiz sexualaren biktima izan zirelako. Dena den, indarkeria mota bakarra salatu zuten emakumeak ere asko izan ziren: %40,32k indarkeria psikologikoa, eta %6,46k sexu erasoak. Gizonek emandako tratu txar gehienak bikote edo ezkon harremanen barruan gertatu ziren, baina bikotekide edo senar ohiak egindako erasoak ere asko izan ziren.
Adinari eta jatorriari erreparatuta, biktima gehienak Euskal Herrian jaiotakoak izan ziren, eta 31 eta 50 urte artekoak. Dena den, adin txikiko sei biktima ere zenbatu zituzten; horien artean bat, 4 urtekoa.