"Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, arreta berezia jarri nahi dugu adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duen sexu-indarkerian. Indarkeria hori ez da ikusten, oso normalizatuta dago, eta urtetik urtera hazten ari da.
Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neska haur eta nerabeak. Adingabeek sexu-askatasunaren aurka egindako delituen ehunekoa ere igotzen ari da. Nahiz eta gero eta laguntza espezializatu gehiago eskatu, datuek argi erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.
Mugimendu feministak eta adituek esaten dute bi arrazoi daudela hori azaltzeko: genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez dagoelako, eta familietan eta eskoletan gizarte-balio egokiak transmititzen ez direlako. Horrez gain, adierazi dute arreta jarri behar dela bai adingabeen artean generoari buruz zabaltzen ari diren mito eta estereotipoetan, bai haurren sexualizazioan, bai sare sozialetako pornografia bidez gertatzen den sexu-hastapen goiztiarrean. Gainera, askotan, biktimei ez zaie sinesgarritasunik ematen, eta, ondorioz, zaila izaten da garaiz eta egoki esku hartzea adingabeei egindako sexu-abusu eta -erasoen kasuetan.
Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria banalizatu eta legitimatu egin da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienak eraso sexualetara eta
fisikoetara iritsi daitezke, eta, muturreko kasuetan, baita emakumearen hilketara ere.
Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeak eta neskak erabateko askatasunez eta segurtasunez bizi eta garatu daitezen eta, bereziki, aukera izan dezaten beren desirak, afektuak eta sexu-portaerak bortxa eta indarkeriarik gabe adierazteko, genero-estereotipoak eta -aginduak alde batera utzita.
Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direnez, udalen ardura da udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetza bultzatzea. Hori dela eta, Zarauzko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
• Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia indartzea, eta adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezartzea.
• Biktima adingabeen inguruan gertatzen den sexu-indarkeria garaiz antzematea eta tratatzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
• Sexu-indarkerien biktimekin lan egiten duten profesionalentzako prestakuntza-programak ezarri eta ebaluatzea.
• Genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko sexu-hezkuntzari buruzko sentsibilizazio-programak garatzea herritarrekin eta, bereziki, gurasoekin eta irakasleekin, guraso elkarteen bidez.
• Hezkuntza ez-formaleko espazioetan hezkuntza-prozesuak garatzea adingabeen artean gertatzen den indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.
Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen dira:
• Neska haur eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea (sexualitatea, bikote-harremanak, maitasun erromantikoa, autodefentsa feministako tailerrak…).
• Mutil haur eta gaztetxoei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
• Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista berri horiei ere aurre egiteko.
• Udalerriko adingabeentzako hezkuntza-prozesuak indartzea, BELDUR BARIK programaren edo tokiko beste ekimen batzuen bidez.
Era berean, herritar guztiei deitzen dizuegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, herrian antolatutako mobilizazioekin bat egitera."