Herriko taxi zerbitzuaren egoerari buruzko azterlana egingo du udalak

Aritz Mutiozabal 2023ko azaroaren 26a

Iker Basurko Mugikortasun zinegotzia, herriko txaien geralekuan. (Zarauzko Udala)

Instituto Datakey enpresa arduratuko da ikerketaz, eta herritarren zein agenteen ikuspegiak jasoko dituzte. Zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzea da egitasmoaren helburua.

Herriko taxi zerbitzuan hobetu daitezkeen eremuak detektatze aldera, egungo funtzionamendu-egoerari buruzko azterlana jarri du abian udalak. Instituto Datakey enpresa espezializatuak egingo du ikerketa datozen asteetan. Alde batetik, zerbitzuaren egungo egoera ezagutzen lagunduko du, eta bestetik, herritar guztien eta taxi zerbitzuarekin lotutako beste eragile batzuen beharrak nahiz espektatibak ezagutzeko balioko du.

Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan datuak biltzeko prozesua hasiko da: telefono bidezko inkestak eta kaleko elkarrizketak herritarrei, besteak beste. Aurrerago, zarauztar orok erantzun ahal izango du aipatu inkesta udaleko webgunean. Zarauzko taxilarien eta taxi erabiltzaileen ikuspegia ez ezik, zerbitzurekin erlazioa duten beste agente batzuei ere eskatuko zaie laguntza: Taxiaren Gipuzkoako Elkarteari, herriko jatetxea eta ostatuei, Murkil Merkatarien Elkarteari eta Turismo Bulegoari, adibidez.

"Hobetzeko erabakiak"

Elkarrizketa eta inkesta guztiak egin ondoren, emaitzak aztertu eta Zarauzko taxi zerbitzuaren egungo egoerari buruzko diagnostiko egingo dute. Diagnostikoa lagungarri izango zaio udalari aipatu zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzeko.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak nabarmendu du herriko mugikortasuna hobetzeko egiten ari diren lan orokorren barruan kokatzen dela taxien azterlana: "Zerbitzu publikoa den aldetik, urteak daramatza aztertu gabe, eta ziur nago lan hori ondo etorriko zaigula eskaintzen dugun zerbitzua hobetzeko erabakiak hartzeko orduan, bai Zarautzen bai eskualde osoan".

Zarautzek urtean bi garai desberdin dituela zehaztu du zinegotziak, eta horrek "zaildu" egiten duela "urte osoan zerbitzu egokia" eskaini ahal izatea: "Baina ahalegin bat egin behar dugu eta, guztion artean, Zarautzen mugikortasuna hobetzen jarraitzeko formulak bilatzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide