Anestesia taldeak agurreko bira iragarri du. Halaxe eman du jakitzera Mikel Kazalis taldearen sortzaile eta gitarristak bere Facebook kontuan, ohar luze baten bidez. Azken urteetan izan dituzten gorabeherek jomuga horretara eman dute, eta azkenean, Euskal Herriko bost lurraldetan kontzertu bana eskainiz itzaliko dituzte anplifikadoreak betiko.
Kazalisek dio 2019an garai beltz bat hasi zela Anestesiarentzat: "Osasun arazoek gure ibilbidea etetera behartu gintuen. Pandemia garaian ere, burua altxatu ezinik ibili gara azken lauzpabost urteotan. Tarte horretan, Fenix kontzertu bira laburra egiten saiatu ginen behin eta berriz, eta azkenean 2022an egingo genuela ematen zuenean, berriro osasun arazoek dena bertan behera uztera behartu gintuen". Horri gehitu behar zaio "Beloki handiak", hasiera-hasieratik ibili den bateria-jotzaileak, taldea uztea erabaki zuela urte hasieran.
"Kolpe bat bestearen atzetik", nabarmendu du gitarristak, eta "gertaera horiek taldearen ibilbidea amaitzera behartzen gintuela zirudien". Baina horrela uzteak "oso aho zapore txarra" uzten ziela eta, beste saiakera bat egitea erabaki dute. Horretarako, bateria jotzaile bila dira, "jakinik Beloki ordezkatzea oso zaila zela". Azkenean, urrutira joan gabe, Zarautzen bertan topatu dute "danborrak gogor astinduko dituen piztia": Folkcore, Humilitate, eta Burux Lee taldeetan aritutako Jon Albixu.
Oraingoan, ordea, ez da Fenix bira izango, baizik eta horren ondorengoa. Fenix abestiko azken bi hitzak hartu dituzte bira izendatzeko: Azken Heriotza. Hitzorduak, berriz, honako hauek izango dira: apirilak 6, Biarritz (Atabal); apirilak 3, Donostia (Doka); maiatzak 11, Atarrabia (Totem); maiatzak 25, Bilbo (Kafe Antzokia); eta ekainak 8, Gasteiz (Jimmy Jazz). "Ez genuen horrela amaitu nahi 35 urteko ibilbide eder hau. Beraz, 2024. urtean kontzertu hauek egitea erabaki dugu. Zuek hor topatzea espero dugu, mila esker aldez aurretik eta laster arte!", borobildu du oharra Kazalisek.