Kaleko musika ekitaldiak izango dira gaur eta bihar Santa Zezilia Egunaren harira

Jabi Gonzalez Toston 2023ko azaroaren 22a

Musika Eskolako ikasleak kalejiran Santa Zezilia egnaren bueltan. (Jabi Gonzalez Toston)

Herriko bost abesbatzek elkarrekin ospatuko dute gaurko Musikaren Eguna 19:30etik aurrera eta Musika eskolako taldeek biharko utziko dute.

Santa Zezilia eguna dugu gaur, Musikaren Nazioarteko Eguna, eta, ohi bezala, musikari loturiko herriko taldeek hainbat emanaldi eskainiko dituzte haientzat hain berezia den datarekin bat etorrita. Nolanahi ere, guztiek ez dute batera egingo; izan ere, batzuek gaur bertan egingo dute eta beste batzuek bihar.

Musika festa gaurko utzi dutenen artean, herriko bost abesbatza daude. Zarautz Abesbatza, Montetxio, Udaberri, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorum, hain zuzen ere. Bostek elkarrekin ospatuko dute Musikaren Eguna eta kalean egingo dute eguraldiari aurre eginda. Hala, kalez kale ariko dira kantuan 19:30etik 21:00etara Musika plazatik abiatuta eta bertan amaituta.

Aurreratu dutenez, hiru izango dira abestuko dituzten kantak: Agur Herria, Gernika aldera eta Herriko Jatorrak. Hirurak ere Imanol Urbieta sortutakoak eta Jaione Eskuderok ahots nahasietarako eta txistuentzako moldatuak. Horregatik, txistua eta atabala jotzen duten musikariak ere bidelagun izango dituzte abesbatzetako kideek. Guztiek atzo arratsaldean egin zuten gaurko saioa prestatzeko entsegu orokorra.

Bihar, berriz, Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak izango dira kalera aterako direnak. Urtero bezala, musika eskolatik abiatuko dira, 17:30ean, hiru taldetan banatuta: alde batetik, haizezko instrumentuak joango dira; bestetik, tailerreko eta solfeoko haurrak, eta, azkenik, trikitilariak eta pandero-jotzaileak. Musika Plazan elkartuko dira guztiak, eta pare bat kanta abestuko dituzte elkarrekin. Kalejirakoak iritsi bitartean, piano eta biolin jotzaileak ariko dira kioskoan jotzen.

Saioa amaitutakoan, txokolate beroa eskainiko dute bertaratutako herritarrentzat. Galeperra elkarte gastronomikoan prestatuko dute, eta, horregatik eskerrak eman nahi izan dizkiete bertako arduradunei sukaldea uzteagatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide