Igandeko Emakume Futbolari Egunean parte hartzeko izen ematea bihar itxiko dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 22a, 14:00

Plaieroetako hirugarren jardunaldiko emakumezkoen partida. (Juan Luis Romatet)

Plaieroetako txapelketara emakume gehiago animatzeko antolatu dute eta 11 taldek eman dute izena orain arte. 40 minutuko lagun arteko partidak jokatuko dituzte, baina ofizialak ere izango dira.

Emakume futbolariek bere egingo dute Zarauzko hondartza igandean, plaieroetako talde antolatzaileak bultzatuta, Emakume Futbolari Egun egingo baitute. Hala, emakumeei soilik zuzendutako jardunaldi irekia jokatuko dute eta izen eman nahi duen taldeek bihar gauera arteko epea dute horretarako. Lotura honetan egin dezakete. Zentzu horretan, jakinarazi dute 11 talde direla orain arte izena eman dutenak eta kopuruarekin "gustura" agertu dira: "Erantzuna ona izan da gure ustez".

Antolatzaileek azaldu dutenez, "aspaldiko ideia edo zeregina da plaieroetako emakumeen kategoria sustatzea". Zentzu horretan diote, emakumeen parte hartzea igotzea lortu zutela bere garian, baina antzeman dutela hazkunde hori "geratu"  egin dela orain. Horregatik, emakume gehiago jokatu dezan Hondartzako Futbol Txapelketan "egun librea" jartzea otu zitzaiela azaldu dute "nahi duen emakume orok parte hartzeko lagun arteko giroan, horrek datorren urtean izena emateko grina piztuko dielakoan".

Emakumeei soilik zuzendutako jardunaldi berezia, Indarkeria Matxistaren Aurkako egunaren biharamunean jokatuko dute. Horren harira, antolatzaileek adierazi dute "egokia" iruditu zaien aukera eskaini diela egutegiak: "Emakumeen eta gizonen kategorietan izena emanda dauden taldeen kopurua desberdina denez, horrek eragina du egutegiaren diseinuan. Jardunaldiak daude non emakumeen partidak soilik ditugun eta beste batzuk non gizonak soilik ditugun. Azaroaren 26koa emakumeen taldeek soilik jokatuko zuten jardunaldi horietako bat zen, eta, testuingurua ikusita aukera borobila iruditu zitzaigun deialdia egin eta hondartza emakumez betetzeko".

Hala, Hondartzako Futbol Txapelketan izen emanda dauden taldeek jokatuko dituzten partida ofizialez gain, jardunaldi irekirako izena eman duten taldeen arteko adiskidantzazkoak jokatuko dituzte. 20 minutuko iraupena izango duten bi partida jokatuko ditu talde bakoitzak 09:30etan hasita. 09:00etan zehaztuko diote talde bakoitzari noren aurka aritu beharko beharko duen eta zein zelaietan. Plaierotako lokal aurrean jarri dute horretarako hitzordua; izan ere, talde bakoitzak eraman beharko du bere atea dagokion zelaira. Halaber, jakinarazi dute izen eman duen talde bakoitzari eskatu diotela kolore desberdineko bi kamiseta eramateko, beste taldearenarekin bat eginez gero aldatu ahal izateko.

Aurreikusi dutenez, 11:00ak alderako amaituko dira partidak eta material guztia jasotakoan hamaiketakoa egingo dute lokalean. Bertan, postutxo bat jarriko dutela ere aurreratu dute plaierotako poltsak eta kamisetak saltzeko. Horrez gain, zehaztu dute goiz osoan musika eta esatariak izango direla hondartzan giroa alaitzeko.
Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide