Zarauzko Musika Eskolak Euskadi Lagunkoia ekimenaren Gipuzkoako Lurralde Batzordea hartu zuen atzo goizean. Matia Fundazioak Jaurlaritzaren laguntzarekin abiarazitako ekimena da Euskadi Lagunkoia eta duen helburu nagusia da herritarren parte hartzea bultzatzea Euskadiko udalerriak hobetzen laguntzeko. Batez ere, adinekoena.
Hori horrela, Euskadi Lagunkoia ekimeneko partaide diren herrietako ordezkariek euren artean ideiak eta elkarlaguntza sustatzeko aukerak aztertzeko baliatu zuten atzoko batzordea. Horrez gain, herri mailan aurkitzen dituzten zailtasunak partekatu zituzten, lehentasunezko arloak identifikatu eta horiek lantzeko estrategiak pentsatu. Zehazki, Azkoitia, Aretxabaleta, Antzuola, Beasain, Irura, Legazpi, Urnieta, Zumarraga, Zegamako eta Zarautz bertako ordezkariek hartu zuten parte batzordean, eta, Lide Amilibia, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea ere izan zen bertan.
Jesus Arana Zarauzko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak eman zien ongi etorria eta nabarmendu zuen atzokoa bezalako foroak egitea "oso garrantzitsua" dela: "Datorkigun egoera ez da xamurra, gizarte ekintzatik eta elkarren arteko kolaboraziotik etorriko da irtenbidea. Erronka handiak ditugu etorkizunera begira eta traineruan bezala, denok batera egin behar dugu aurrera".
Bide beretik, Amilibia sailburuordeak hainbat datu eman zituen: "Euskadi Lagunkoia geroz eta indartsuagoa da. Urte asko dira egitasmo honekin hasi ginela eta dagoeneko 76 herri gara; Gipuzkoan 26". Halaber, azaldu zuen Euskadi Lagunkoia barruan dauden programei jarraipena emateko asmoa duela Jaurlaritzak: "Besteak beste, establezimendu lagunkoiak, farmazia lagunkoiak, ondarea...".
Erronkak
Batzordera itzulita, aurreko urtean egindako batzordeetan aukeratutako erronkatik jaio den Gizarte-partaidetza ekintzarako gida, Euskadi Lagunkoiaren 2. Monografiko saila argitaratu berria banatu zuten parte hartzaileen artean. Dena den, ez zen bakarra izan, zeren Diagnosia, udalerrietan abian jartzeko gida ere eman zieten.
Era berean, datorren urterako erronka aukeratzeko lau aukera aurkeztu zizkieten partaideei eta herri bakoitzeko ordezkariak hausnarketa egin eta hainbat puntu eman behar izan zizkion bakoitzari. Honako hauek dira proposatu zituzten erronka posibleak: etxebizitza eta egoitza ere berrietan aurrera egitea, bakardade egoerei heltzea, osasun mentala eta jarduera fisikoa sustatzea, eta, espazio publiko inklusiboak diseinatzea. Bizkaian eta Araban ere izango dituzte lurralde batzordeak datozen asteetan eta horiek amaitutakoan jakinaraziko duten zein den datorren urteko erronka.