Indarkeria matxistari buruzko zortzigarren jardunaldiak egingo dituzte bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko azaroaren 22a

UKUEren egoitzan egin zuten iaz indarkeria matxistari buruzko jardunaldia biktimen erreparazioa hizpide zutela. (Aritz Mutiozabal)

Adineko emakumeenganako indarkeria izango dute hizpide 09:00etatik 13:30era, Modelon, eta hainbat adituk emango dituzte azalpenak. Udaleko Parekidetasun sailak antolatu du ekimena Azaroak 25aren bueltan.

Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak antolatuta, Irtenbiderik ba al dago? deitu duten indarkeria matxistari buruzko jardunaldia egingo dute bihar, Modelo aretoan, 09:00etatik 13:30era. Parekidetasun sailak Azaroak 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren bueltan urtero antolatzen dituen jardunaldien zortzigarren edizioa da honakoa eta adineko emakumeenganako indarkeria izango dute hizpide oraingoan, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren hitzetan, "oso gutxi aztertu" delako orain arte.

Bada, gaian sakontzeko hiru adituk emango dituzte azalpenak: Monica Ramos UNATEko koordinatzaile teknikoak, Pepa Bojo psikologo feministak eta Anna Freixas Psikologian doktoreak. Haiekin batera, Beatriz Egizabal aktoreak ere hartuko du parte jardunaldian Clown saio baten bidez haren aurretik aritu diren hiru adituek esandakotik ondorioak ateratzeko modu arinagoan.

Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik badago jardunaldian izena emateko aukera. 943-00 51 17 telefonora deituta, berdintasuna@zarautz.eus helbidera mezua bidalita edota Emakumeen Etxeko web atarian aurkituko duten formularioa beteta egin dezakete interesdunek.

Hala, hauxe izango da biharko Irtenbiderik ba al dago? jardunaldiaren egitaraua:

  •  09:00. Aurkezpena
  • 09:00-10:00. Adineko emakumeen aurkako genero-indarkeria: isildutako errealitate bat (Monica Ramos Toro)
  • 10:00-11:00. Adineko emakumeak eta indarkeria matxista: esku hartzeko gakoak eta emakumeen* etxeen zeregina. (Pepa Bojo Ballester)
  • 11:00-11:30. Atsedena.
  • 11:30-12:30. Gizarte edadista batean zahartzea ez da erraza, baina ezinezkoa ere ez. (Anna Freixas Farre).
  • 12:30-13:30. Clown konklusioak. (Beatriz Egizabal)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide