Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko azaroaren 21a

avier Lecuona argazki dendako erakusleihoak irabazi zuen iazko Gabonetako Erakusleiho Leihaketa. (UKT)

Udalak eta Murkilek antolatu dute elkarlanean eta 41. edizioa izango da aurtengoa. Abenduaren 20an jakinaraziko dute irabazlea.

Zarauzko Udalak eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak antolatuta, Erakusleiho Lehiaketa egingo dute aurten ere Gabonetako jaien atarian. 41. edizioa izango da eta parte hartu nahi duten herriko establezimenduek dagoeneko eman dezakete izena. Turismo Bulegora bertaratuta edo 943-83 09 90 telefonora deitu beharko dute horretarako abenduaren 11a baino lehen.

Hain justu, egun horretan bertan hasiko da lehiaketa. Beraz, parte hartzaileek apainduta izan beharko dituzte beren erakusleihoak ordurako eta urtarrilaren 6a arte egon beharko dute ikusgai epaimahaiko kideek baloratu ditzaten. Honako hauek dira, epaileek kontuan izango dituzten irizpideak: Erakustokiaren aurkezpena, salgai dauden artikuluen erakusketa erakargarria eta apainketaren originaltasuna, Gabon garaia kontuan izanik, betiere.

Ebazpena, berriz, abenduaren 20an emango dute eta irabazleak 600 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu. Dena den, bigarren sailkatuarentzat ere izango da saririk, 300 euro, hain zuzen ere.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide