2023ko azaroaren 15ean herriko autobus berrien inguruko artikulua irakurri nuen Urola Kostako Hitza egunkarian eta momentuan idatzi beharrean, orain egitea erabaki dut.
Zarauzko Hiribuseko ohiko erabiltzailea naiz eta 2023ko urriaren 12tik hiru linea eduki beharrean bi linea ditugu autobusen egoera kaskarragatik. Ondorioz, 3. linea deitzen dena zerbitzuz kanpo dago. Horrek zer suposatu digu erabiltzaileoi? Adibidez: Astiko bizilagunak astelehenetik ostiralera zerbitzurik gabe gelditu direla; Gureak enpresako langileak zerbitzurik gabe ezin direnez geratu, 2.linea desagertzen da eta erabiltzaile bat baino gehiago lanera, haurtzaindegira... berandu iristen gara; etab.
Halaber, 2023ko azaroaren 14ean, arratsaldean markesinetan ohar bat jarri zuten esanez 3. linearik ez dela egongo, baina zehaztutako data ez da zuzena. 2023-11-13 da oharrean jasotako data, baina aipatu dudan bezala 2023-10-12tik daramagu egoera penagarri honetan.
Bide batez, eskertu nahiko nuke gidariek duten pazientzia eta zerbitzu ikaragarri ona ematea. Ez jakintasunean dauden erabiltzaileek denetarik esan eta autobus gidariek "sin comentarios" esateak batzuei erantzun desegokia dela iruditzen zaie, baita "berandu zatoz" esan eta haiek "ahal duguna egiten dugu" erantzutea ere. Bada, agian jakin beharko lukete benetan zein egoera kaskarrean (frenoak, amortiguadoreak... ez direla txantxetakoak) egon eta dauden autobusak, geltoki batetik bestera minutu bakarra dutela eta hori ezinezkoa dela, adineko pertsona bat eseri arte ezin dutela autobusa martxan jarri, autobusean dauden ur filtrazioak ez direla gidarien errua...
Udaletxera idatziak eta Iker Basurkorekin hitz egiteak ez duenez efekturik sortzen gutun hau idaztea bururatu zait.