Jendetza bildu da Ivan Illarramendiri azken agurra emateko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 17a, 20:15

Herritarral Andrea Mari Zeruratzea parroiki elizako sarreran Ivan Illarramendiren hileta. (Jabi Gonzalez Toston)

Andra Mari Zeruratzea parroki-elizan egin dute hileta elizkizuna arratsaldean. Senide eta gertuko lagunak ez ezik, herritar ugari izan dira bertan, baita ordezkaritza politiko zabala ere.

Gaur arratsaldean eman diote azken agurra joan den urriaren 7an hil zuten zarauztar jatorriko Ivan Illarramendiri. Hamasek Israelgo Kissufim kibutzaren aurka egin zuen erasoan zendu zen Illarramendi, Loren Garcovich emaztearekin batera. Andra Mari Zeruratzea parroki elizan egin dute hileta elizkizuna 19:00etan, eta jende andana bertaratu da familiari babesa adieraztera. Ondoren, Zarauzko hilerrian duten panteoian lurperatu dute, hori baitzen senideen nahia.

Gertukoak eta herritarrak ez ezik, ordezkari politiko ugari izan da parrokian. Tartean, Xabier Txurruka herriko alkatea, Itziar Murua EH Bilduko udal bozeramalea eta Gloria Vazquez zinegotzi sozialista. Halaber, Espainiako Gobernuko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, eta beste hainbat erakundetako agintariak bertan izan dira, hala nola, Nadia Calviño Espainiako presidente ordea, Eider Mendoza Ahaldun Nagusia, Jose Ignacio Asensio diputatua, Bakartxo Tejeria Legebiltzarkideko presidentea, Eneko Andueza PSE-EEko bozeramalea Legebiltzarrean, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramalea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuko Ordezkaria Euskadin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Zentzu horretan gogoratu behar da bilbotarra zela Illarramendi. Eskualdeko beste hainbat ordezkari ere baziren Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko presidentes edo Haritz Alberdi Getariako alkatea kasu.

Illarramendiren hilketak izan duen ohiartzuna handia izan denez, eta Ekialde Hurbilean egunotan bizi duten egoera ere puri-purian dagoenez, Ertzaintzaren segurtasun diapositiboa ere esanguratsua izan da. Horren erakusle da kaleak moztu dituztela eta Munoako parkingera iritsi diren ibilgailu guztiak miatu dituztela. Era berean, elizaren atarian hainbat komunikabide bildu da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide