Musika eskolakoek kaleak girotuko dituzte Santa Zezilia Egunean

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 18a, 12:30

Hiru multzotan banatuta, kalez kale ariko dira datorren ostegunean. 17:30ean abiatuko dira musika eskolatik, eta Musika Plazan elkartuko dira.

Santa Zezilia Eguna ospatzeko, Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak kalera aterako dira datorren ostegunean, hilaren 23an, herriko kaleak musikaz girotzera. Urtero bezala, musika eskolatik abiatuko dira, 17:30ean.

Hiru kalejira antolatu dituzte, hiru multzotan banatuta, eta bakoitzak bere ibilbidea egingo du kalez kale. Alde batetik, haizezkoak joango dira; bestetik, tailerreko eta solfeoko haurrak; eta hirugarrenik, trikitilariak eta pandero-jotzaileak. Ondoren, Musika Plazan elkartuko dira guztiak, eta pare bat kanta abestuko dute elkarrekin; kalejirakoak iritsi bitartean, piano eta biolin jotzaileak ariko dira kioskoan jotzen.

Ohiko moduan, ekitaldi biribildu ostean, txokolatada batekin amaituko dute festa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide