Gabonetako Azokarako materiala biltzen hasiko da Hotz Zarautz

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 18a, 11:30

Zarautz Hotz taldearen Gabonetako Azoka Solidarioa. (Zarauzko Hitza)

Asteazkenetik aurrera jasoko dituzte produktuak Patxiku kaleko 5. zenbakiko lokalean. Pertsona errefuxiatuen aldeko azoka abenduaren 5ean zabalduko dute.

Hotz Zarautz erakundeak Gabonetako VII. Azoka Solidarioa antolatuko du aurten, eta urtero bezala, etxean gordeta dituzten eta egoera onean dauden gauzak eskatu dituzte horretarako. Datorren asteazkenean, azaroaren 22an, hasiko dira materiala biltzen elkartasun azokarako.

Jasoko dituzten materialen zerrenda ere egin dute: altzari txikiak, apaingarriak, ontziteria eta kristaleria, bitxiak, oheko arropak, arropa, margolanak, lanparak eta abar. Azken urteetan bezala, Patxiku kaleko 5. zenbakiko lokalera (Milar Visson denda zegoen tokia) eraman beharko dira gauzak; 11:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara, astelehenetik larunbatera. Era berean, zehaztu dute libururik ez dutela onartuko.

Pertsona errefuxiatuak laguntzeko bideratuko dute bigarren eskuko azokan bildutako dirua. Azoka abenduaren 5etik urtarrilaren 5era egingo dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide