Berdintasunerako udal ordenantza eguneratu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 16a, 15:00

Udalean ordezkatutako alderdi guztiek babestu dute duela sei urtetik indarrean den testua moldatzea indarkeria matxistari buruzko azken legeetara egokitzeko.

Zarauzko Udalbatzak aho batez onartu zuen joan den urriko ohiko osoko bilkuran 2017tik indarrean den Berdintasunerako udal ordenantza berritzea indarkeria matxistari buruzko egungo legedira egokitzeko. Hori horrela, indarkeria matxistaren biktima gisa aitortuko dituzte aurrerantzean erasoak pairatu dituzten emakumeak ez ezik, haien seme-alabak, eraso dituzten emakume transexualak edota emakumeak defendatzean eraso dituzten pertsonak. Horrekin batera, ordenantzak jasotzen du udalak beharrezko baliabideak izango dituela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen prekarizazio ekonomikoa prebenitzeko eta Emakumeen Etxeanren eta Jbetze Eskolaren untzioen artean izango direla emakumeen aurkako indarkeriaren identifikazioa, arretaren koordinazioa, babesa eta erreparazioa.

Udalak gogoratu duenez, berdintasun ordenantzaren helburua da genero-ikuspegia txertatzea udaleko politika eta jarduera guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, eta, hala, genero arrakalarekin amaitzeko. Horregatik, beharrezko jo dute eguneratzea.

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak nabarmendu du, halaber, Zarautz "udalerri aitzindaria" dela politika parekideen arloan bigarrena izan zelako berdintasunerako ordenantza garatzen Tolosaren ondoren. Ondorioz, testua azken legeetara egokituta, "are aurrerakoiagoa izango dela".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide