Gazte mailetako Euskadiko Halterofilia Txapelketa jokatuko dute Basoa Crossfit aretoan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 16a, 11:15

ZKEko Halterofiliako altxatzaile gazte bat Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. (Jabi Gonzalez Toston)

Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako selekzioetako 13, 15 eta 17 urtez azpiko 23 kirolari nor baino nor arituko dira larunbatean 16:30etik aurrera.

Zarauzko Basoa Crossfit aretoak 13, 15 eta 17 urtez azpiko Euskadiko Halterofilia Txapelketak hartuko ditu etzi. Hala, Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako selekzioetako altxatzaile gaztetxoen topaleku bilakatuko da Basoa 16:30etik aurrera.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, gehienez ere selekzio bakoitzeko 10 kirolarik izango dute kategoria bakoitzean parte hartzeko aukera, bosna neskek eta mutilek, baina gutxiago izango dira izen ematean ez dituztelako plaza guztiak bete. Hala, 23 kirolari izango dira orotara larunbateko probak lehiatu dituztenak; gipuzkoarrak gehienak, hemezortzi. Horietatik 11 etxekoak izango dira, gainera, ZKE Halterofiliakoak. Arabako kirolari bakarra arituko da eta 17 urtez azpikoen mutilen probak lehiatuko ditu.

17 urtez azpikoen txapelketari lotuta, era berean, argitu dute 15 urtez azpikoen kategorian parte hartuko duten kirolari berberak izango direla. Bestalde, azaldu dute 13 urtez azpiko kirolariei zuzendutako txapelketa teknikakoa izango dela. Alegia, halterofiliako mugimenduak izango dira epaileek baloratuko dituztenak altxatzaileen pisua eta jasotako kilo kopurua aintzat hartu gabe.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide