Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da hurrengo astelehenean, hilak 20, eta horren bueltan, hainbat ekintza antolatu ditu Zarauzko Udalak igande honetarako. Gaztelekuko eta Ludotekako hezitzaileekin elkarlanean antolatu dituzte ekintza horiek, eta 4-18 urte bitarteko gazteentzat zuzenduta egongo dira, bi taldetan banatuta.
Lehenengo multzoa 4-12 urte bitarteko umeentzat izango da, eta bertan zirku tailerra eskainiko dute, 17:00etatik 19:00etara Salbideko parkean. Euria eginez gero, tailerra Aritzbatalde pilotalekura lekualdatuko dute. 12-18 urte bitarteko nerabeentzat, aldiz, puzgarriak jarriko dituzte 16:30ean, eta ginkana ere egingo da 17:00etatik 19:00etara. Bi ekimen horiek Lege Zaharren Enparantzan izango dira eguraldi ona eginez gero; eguraldi txarra eginez gero, Gaztelekuan izango dira.