Dena prest indarberrituta datorren 44. Bikote Mistoen Krosari ekiteko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 15a, 10:00

Egimendia, Illarramendi eta Collantes, aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Zarautz Rugbi Taldeak antolatu du proba bigarren urtez, atletismo taldeko arduradun berrien laguntzarekin. Helduen lasterketarekin batera, gaztetxoena ere egingo dute berriro.

Azaroa erdira iritsita, gero eta gertuago dago abendua, eta, ondorioz, baita Zarauzko Bikote Mistoen Krosa ere. Urteko azken hilabeteko lehenengo igandean jokatu ohi dute, eta halaxe egingo dute aurten ere, abenduaren 3rako antolatu baitute. 

Probaren 44. edizioa izango da aurtengoa, eta aurrekoa bezalaxe, ZRT Zarautz Rugbi Taldeak antolatu du. Hain justu, iaz hartu zion lekukoa Txumai Fernandez ZKE Zarautz Kirol Elkartearen atletismo taldeko arduradun ohiari, hark 30 urte luzez lasterketa antolatu ondoren. Dena den, aurtengoan ZRTk ez du bere gain hartu proba antolatzeko ardura osoa; izan ere, ZKEko atletismo saileko arduradun berrien laguntza ere izan du, Ibai Beraziertorena eta Naiara Egimendiarena, alegia. Biak buru belarri aritu dira probaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko, datorren urtean atletismo sailaren eskuetara itzuliko baita antolaketa. 

Ibilbideari erreparatuta, bestalde, antolatzaileek zehaztu dute iazko berbera izango dela, eta ia 8 kilometro egin beharko dituztela korrikalariek; 7,8 zehatzago esateko. Aritzbataldetik abiatuko dira 11:00etan, eta herri barruan bi itzuli eta erdi eman ondoren, Lege Zaharren Enparantzan izango dute helmuga.

Bada, lasterketan parte hartu nahi dutenek herrikrosa.eus atarian eman dezakete izena joan den urriaz geroztik. Gizon eta emakume banak osatutakoak izan beharko dute bikoteek, eta proba egunean bertan ere izango dute inskripzioa egiteko aukera, lasterketa abiatu baino ordubete lehenago itxiko baitute izena emateko epea; tokia geratzen bada, betiere. 700 bikotekoa da antolatzaileek aurtengo ediziorako ezarri duten muga, eta ohartarazi dute hiru euro garestiagoa izango dela inskripzioa azken egunean; izan ere, 33 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak, 30 beharrean. Inskripzioarekin batera kamiseta, hornidura, proba amaierako pintxoa eta zozketarako txartela izango dituzte parte hartzaileek.

Izen emateari lotuta, era berean, Egimendiak adierazi du «bide onetik» doala, iazko kopurua aintzat hartuta. 560 bikotek parte hartu zuten iaz, eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak nabarmendu du aurten gehiago izatea espero duela, «urtetik urtera parte hartzea gora egiten ari delako».


Haurren proba bigarrenez

Ibilbide berriarekin batera, haurren lasterketa da ZRTk Bikote Mistoen Krosari egin dion ekarpen nagusia, eta aurten bigarrenez antolatu dute. 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta helduen proba bezalaxe, mistoa izango da gaztetxoena ere. Gainera, pertsona heldu batekin osatu ahalko dute bikotea. Ehun bikoterentzako plazak ahalbidetu dituzte, eta 10 euro balio ditu inskripzioak (12 egunean bertan eginez gero). 

Helduen proba amaitu ondoren, 12:00etan hasiko da umeena, eta 2 kilometrokoa izango da; Aritzbataldetik Lege Zaharren Enparantzara artekoa hori ere. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide