Euskara Plana idaztea eta onartzea dira hurrengo pausoak

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 15a, 09:00

Hilaren 7an Etxezabala eginiko bilera irekia, Euskara Planaren inguruan. (Zarauzko Udala)

Euskararen herri izateko Zarautzen dituen "indarguneak eta ahulguneak" aztertu zituzten hilaren 7ko bilera irekian.

Zarauzko Udalaren Euskara Plana osatzeko aurrez egindako parte hartze saioetan jasotako iritziak azaltzeaz gain, herriko datu soziolinguistikoen berri eman zuten hilaren 7an, herritarrekin Etxezabalan egindako bilera irekian. Guztira, 30 herritarrek hartu zuten parte saioan.

Udaleko Kultur Aniztasun eta Turismo departamentuetako teknikariak ere bertaratu ziren, etorkizunean euskararen biziberritzean giltzarri izango diren bi arlo horien egungo irakurketa egiteko eta erronka nagusiak azaltzeko. Abiapuntu horiek kontuan izanda, "Zarautz euskararen herria izateko indarguneak eta ahulguneak" aztertu zituzten.

2023-2027 urteetan izango da indarrean Euskara Plana, eta lau arlo estrategiko landuko ditu: aisialdi antolatua eta kirola; arlo sozioekonomikoa –ostalaritza, merkataritza eta turismoa–; kultur aniztasuna eta integrazioa euskararen bidetik; eta gurasoen arteko erabilera. Eman beharreko hurrengo pausoak dira plana bera idaztea eta Osoko Bilkuran onartzea.

Udaleko Euskara departamentuak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritar eta eragile guztiei. Era berean, dei egin die herritarrei aurrera begira zabalduko diren ekintzetan parte hartzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide