Herrien eta hirien erronkak ardatz, gaurko Zientziaz Blai ekitaldian

Aritz Mutiozabal 2023ko azaroaren 14a

Zientziaz Blai ekimenean parte hartuko duten ikerlari zarauztarrak.

Modelo aretoan izango da, eta Zarauzko hiru ikertzaile gaztek –Miren Juaristik, Harbil Arregik eta Iñigo Ocamicak– beraien lanak aurkeztuko dituzte. Ula Iruretagoiena arkitekto eta hirigileak ere parte hartuko du saioan.

ZarautzOn elkarteak antolatuta, Zarautzen Zientziaz Blai ekitaldia egingo dute bederatzigarrenez, herrian zientzia eta teknologia dibulgazioa sustatzeko eta, bide batez, herriko ikerlari gazteei hitza emateko. Aurtengo edizioak Gure herrien eta hirien erronkak leloa darama, eta hain justu ere gai hori izango dute aztergai; nolabait ere, ingurune osasungarriak, jasangarriak eta pertsonekiko lagunkoiak eraikitzeko. «Horretarako, beharrezkoa da zientzia ezberdinen elkarlana, guztien artean pertsonen eta komunitatearen zerbitzura egongo den habitat jasangarriago bat eraikitzen laguntzeko», nabarmendu dute ZarautzOn elkarteko kideek.

Egitasmoan Zarauzko hiru ikertzaile eta profesional gaztek parte hartuko dute: Miren Juaristik, Harbil Arregik eta Iñigo Ocamicak. Eraikuntza jasangarriarekin, mugikortasun berdearekin eta biztanleentzako zentzuzko nahiz arimazko hiri diseinuarekin zerikusia duten proiektuak aurkeztuko dituzte. Ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 19:00etatik aurrera, Modelo aretoan.

Zientziaz Blai jardunaldiak, hiru ikerlari zarauztarrez gain, gonbidatu berezi bat ere izango du: Ula Iruretagoiena arkitektoa, hirigilea eta EHUko Arkitektura Eskolako irakaslea ariko da hizlari. Hain justu ere, berak itxiko du aurtengo ekitaldia. Iruretagoienak irakasle lana praktika profesionalarekin eta dibulgazioarekin uztartzen ditu, eta Gara egunkariko eta Argia aldizkariko ohiko kolaboratzailea da.

Iñigo Ocamica: "Gure lan prozesuarekikodugun jarrera kontatuko dut saioan"

Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan graduatutako arkitektoa da Iñigo Ocamica (Zarautz, 1992), eta Gradu Amaierako Aparteko Saria eta Karrera Amaierako Kutxa Saria irabazi zituen. Masterreko azken lana Iñigo Tudancarekin batera garatu zuen, eta bien artean Ocamica Tudanca estudioa sortu zuten 2017an. Harrezkero, obra publikoko zein pribatuko proiektuak egin dituzte.

"Estudio gisa ez gaude arlo konkretu batean espezializatuak, mota ugaritako proiektuak egiten ditugu (erreforma txikiak, eraikin berriak, espazio publikoak, lorategiak edo paisaiarekin erlazionatutako proiektuak...), eta aniztasun hori asko gustatzen zaigu, proiektu mota batek besteak ere ‘elika’ ditzakeelako", adierazi du Ocamicak.
Ibilbide luzea izan ez arren, haien lanek aitortza jaso dute hango eta hemengo jaialdietan. "Konpromisoz eta zorroztasunez" lan egiten dute, proiektu bakoitza "erronka berri gisa" ulertuta. Gainera, "testuingurua errespetutik" baloratzen dute.

Gaurko jarunaldian proiktu jakin bat izango du hizpide Ocamicak: "Zientziaz Blai ekitaldian, Mansilla Mayor herrian [Espainia] egin genuen plazari buruz hitz egingo dut. Proiektua azalduz, espazio publikoak diseinatzeko momentuan gure lan prozesua eta hirigintzarekiko dugun jarrera eta printzipioak kontatzea izango da asmoa", zehaztu du arkitekto zarauztarrak. Mansilla Mayorreko proiektuak hainbat sari lortu ditu: AJAC 2020 ex-aequo saria Hirigintza eta Paisaia kategorian, FAD Hiria eta Paisaia 2020 saria, eta BEAU XV Arkitektura eta Hirigintzako Espainiako Biurtekoan ere saritu dute.

 

Harbil Arregi: "Ibilgailu elektrikoen kontsumoaren adibide batzuk erakutsiko ditut"

Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen hasiera batean Harbil Arregik (Zarautz, 1986), eta Vicomtech ikerketa zentroan hasi zen lanean, garraio sistema adimendunei lotutako sailean, hain zuzen ere. "Harrezkero, master eta doktoretza ikasketak ere egin ditut, informatika eta konputazio adimendunen arloan; batez ere, pertsonen eta ongaien garraioari buruzko proiektuetan egin izan dut lan Vicomtechen", gaineratu du Arregik. Informazio sistema geografikoak, garraio sarearen adierazpide digitalak eta, orokorrean, denbora eta espazioarekin lotutako datuen analisian eta esplotazioan espezializatuta dago. Gaur egun, Mugikortasuneko eta Logistikako Sistema Adimendunen saileko ikertzaile seniorra da.

Zientziaz Blai egitasmoaren bederatzigarren ekitaldian ondorengo proiektua proposatuko du doktore zarauztarrak, Modelo aretoan: "Garraio sistema jasangarriago baterako bidean, hainbat aldaketa bizi ditugu azken urteotan. Araudi eta mugikortasun plan ezberdinek, besteak beste, leku batetik bestera eguneroko eta noizbehinkako jardueretara desplazatzeko ibilgailu pribatua gutxiagotan hauta dezagun bilatzen dute, baita erabiltzen diren ibilgailuen kutsaduraren eragina txikitzea ere, bidaiarien garraioan zein merkantzien banaketan". 

Arregiren esanetan, arlo horretan "ikerketa lerro ugari eta oso desberdinak" dauden arren, berak "ibilgailu elektrikoen bateria kontsumoa estimatzeari lotutako adibide batzuk" erakutsiko ditu. Beraz, mugikortasun berdearen erronkari buruzko hainbat ikerketa adibide aurkeztuko ditu ikerlariak.

 

Miren Juaristi: "Eraikinen energia eskaera murriztu daiteke Fatxada Opako Egokigarriekin"

Arkitektura ikasi zuen Miren Juaristik (Zarautz, 1992), eta doktorea da Arkitekturako Ingurumen eta Teknologia Diseinuan. Gaur egun, energia aldetik eraginkorrak diren eraikinen teknologietan dago espezializatua, bereziki eraikinen fatxaden teknologietan. "Duela hiru urte, doktoretza amaitu nuenean, Italiara joan nitzen ikerketa zentro batean lan egitera (EURAC Research). Bertan, hainbat ikerketa proiektutan parte hartu dut. Horiei esker, fatxaden inguruan jarraitu dut lanean: alde batetik, doktoretzako ikerketa lerroarekin, eta bestetik, fatxada teknologia berriak sustatuz, horiek integra ditzaten neutraltasun klimatikorako, ekonomia zirkularrerako eta industrializaziorako beharrezkoak diren osagaiak", azaldu du.

Zientziaz Blaiko hitzartzean kontzeptu teknologiko berri bat azalduko du: Fatxada Opako Egokigarriak. "Gaur egun, berokuntzarako eta hozteko erabiltzen dugun energia eskaria murrizteko, gure eraikinak termikoki isolatzen ari gara. Baina hori ez da beti estrategia onena energia eskaria murrizteko. Fatxada Opako Egokigarriei esker, bero trukea blokeatu edo ahalmendu dezakegu ingurumen baldintzen arabera, eraikinen energia eskaera murriztuz", esan du.

Era berean, dok­toretza garaian heldutako ezagutzak azalduko ditu, baita nola ari den orain kontzeptu hori garatzen ere koordinatzen duen EIC Pathfinder proiektuaren bidez. "Jada ez da ikerketa pertsonal bat, diziplinarteko ikerketa baizik".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide