Zarauzko Udala jada jarri da 2024ko inauteriei begira eta hautatu du mozorroetarako gaia: Aerobik. Horrekin batera, zabaldu du konpartsan izena emateko epea. Hori horrela, parte hartzeko interesa dutenek azaroaren 28ra arte dute inskripzioak egiteko. Horretarako, honako bi lotura hauetan eskuragarri dauden helduentzako eta zortzi urtetik gorako gaztetxoentzako inskripzio orriak bete eta jaiak@zarautz.eus helbidera bidali beharko dituzte interesdunek.
Halaber, udalak ohartarazi du plazak mugatuak direla; izan ere, 190 lagunentzako lekua eskainiko dute. Inauterietan kaleak kantuz eta dantzaz alaitzeko entseguak, berriz, abenduaren 3an hasiko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan. Gaztetxoak 16:00etatik 17:00etara arituko dira eta helduak 17:00etatik 19:00etara. Bederatzi izango dira guztira egingo dituzten prestaketa saioak.