Beste autobus hibrido bat izango du Zarautzek aurrerantzean

Mireia Galarza Bastida 2023ko azaroaren 12a

Autobus hibrido berria. (Zarauzko Udala)

Autobus hibrido berriak 279.000 euroko kostua izan du (BEZik gabe), eta aste honetan bertan gehitu du udalak zerbitzura. Autobus berria hainbat lineatan ibiliko da, "erabiltzaile guztiek gozatu ahal izan dezaten".

Zarauzko Udalak propultsio hibridoko autobus berri bat gehitu Hiribusaren zerbitzura. Horrela, aurrerantzean, mota horretako lau autobus izango ditu Zarautzek, "garraio publikoaren zerbitzua indartzeko". Izan ere, Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, azken hilabeteotan autobusek matxurak izan dituzte, eta horrek zerbitzua "kaltetu" du. Eta zera gehitu du: "Horregatik, lizitazio berriko autobusak iristen diren bitartean, autobus hibrido berri hau gehitzea erabaki dugu, hiriko zerbitzua normaltasunera itzul dadin".

Autobus hibrido berriak 279.000 euroko kostua izan du (BEZik gabe), eta aste honetan bertan gehitu du udalak zerbitzura. Autobus berria hainbat lineatan ibiliko da, "erabiltzaile guztiek gozatu ahal izan dezaten". Lizitazio berriko autobus elektrikoak iristen direnean, hibrido horrek zerbitzuan jarraituko du, berriei laguntzeko.

Autobus elektrikoak

Laster ebatziko du Zarauzko Udalak hiru autobus elektriko berri eskuratzeko abian duen lizitazioa (gehienez aurrekontua 1.730.000 eurokoa izango da BEZik gabe), eta, hiru autobusez gain, kotxetegietan kargatzeko postuak ere jarriko dituzte. Inbertsio horretarako, udalak 934.400 euroko laguntza lortu du Next Generation europar funtsetatik.

"Gaur egun, mota horretako ibilgailuen eskari handia dela eta, autobus elektrikoak entregatzeko epeak urtetik oso gora daude. Horregatik, epeak laburtzeko asmoz, ibilgailuak entregatzeko epeei lizitazioan garrantzia ematea erabaki dugu", gehitu du Basurkok. Bestalde, autobusen erosketa ebatzi ondoren, Zarauzko Hiribusaren zerbitzuaren kudeaketa lizitaziora aterako du udalak, eta esleipen horrek datozen urteetan zerbitzu hori kudeatuko duen enpresa izendatuko du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide