Boluntariotza

Imanol Agirre, boluntariotza aisialdia bailitzan

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 10a, 15:00

Imanol Agirre, Soreasun duten bigarren eskuko dendaren parean. (Intza Trula)

Boluntariotza zainetan darama Imanol Agirrek  (Azpeitia, 1952). Beretzat ez da behar bat, plazera baizik, nahiz eta askorentzat zaila den kontzeptua ulertzea. Filosofia horrekin ekin zion mintzalagun izateari. Duela zortzi urte bilkura  zabala deitu zuten Sanjuandegi auzoan, eta Jon Maia ekarri zuten espresuki hitzaldia eskaintzera. "Batzar hartara erdaldun jendea gonbidatu genuen, eta gure helburua izan zen hortik talde batzuk sortzea, lehendik euskara pixka bat menderatzen zuen jendearekin", kontatu du. Egitasmo hark "arrakasta polita" izan zuen, eta "nahiko hunkigarria" izan zela du gogoan. "Hortik sortu zen mintzapraktika taldea". 

Bereziki, aspalditik herrira etorritako erdaldunak eta euskaraz zerbait ikasi zutenak animatu ziren: eroso sentituko ziren giroan ikasi nahi zuten euskaraz, gramatikarik gabe eta euskaltegira joan gabe, hizketaldien bidez. Horiez gain,titulua atera nahi dutenak ere gehitu zaizkie gerora. Hala, maila ezberdinetako bost bat talde elkartzen dira egun, euskaldun berriak euskaldun zahar edo bidelagunekin, tabernaren, kafetegiren edo lokal batean, elkarrekin euskaraz aritzeko.

"Gehienak dira etxean eta inguruan euskara praktikatzeko arazoak dituztenak, baina nahiko maila ona daukatenak. Maila antzekoa dutenak elkarrekin jartzen ditugunez, nahiko erraz egiten dute, eta euskaldun zaharraren papera izaten da katigatzen diren momentuetan laguntzea, giro on bat sortzea eta asteburuan egin dutenaren inguruan solasaldi bat dinamizatzea"; horrela eman du beraien jardunaren berri Agirrek.

"Ez da lan bat, aisialdiko ekintza baizik; beste ekintza boluntarioak ere hala ulertzen ditugu"

Azpeitiarra koordinatzaile lanetan aritzen da, eta bere ardura da taldeak osatzea eta jendea animatzea. "Nik neuk ere taldetxo bat eramaten dut, eta iruditzen zait oso ekimen ederra dela. Gustuz egiten dut, eta aisialdi moduan kontsideratzen dut. Ez da zama bat, inolaz ere. Oporretara edo norabait joan behar dugunean, beste norbaiten esku uzten dugu taldea, eta ez da arazorik izaten".

Aisialdia bai, baina "besteei euskara irakaste hutsa eragingarri da guretzat". Azpimarra berezia egin du horretan, gainera: "Guretzat pozgarria da jende horrekin solasaldiak egitea euskaraz. Azken finean, gauza polita egiten dugu. Ez da lan bat guretzat, aisialdiko ekintza bat bezala baita, eta gainontzeko ekintza boluntario guztiak ere horrela ulertzen ditut. Ez da derrigorrez egiten duguna, gustu handiz baizik".

Bere iritziz, lan boluntarioak horrela izan beharko luke: "Bakoitzak bere militantziarekin edo eman dezakeena emanda, baina gehiago eskatu gabe, eta geure artean harreman ona izanda. Azken finean, ondo pasatzera joaten gara mintzapraktiketako saioetara". Euskaldun berriek ere asko estimatzen dutela nabarmendu du, elkarrekin denbora tarte eraginkorra partekatzen dutelako. "Horregatik jarraitzen du egitasmoak".

Elkarrekin, batera

Agirreren boluntariotza grina ez da horretara mugatzen, Elkar-ekin taldean ere buru-belarri baitabil. Duela hamar bat urte sortu zuten elkartea, zegoen "egoera prekario eta kritikoaren ondorioz, beharrik gehien zutenei erantzun bat emateko asmoz". "Hasi ginen arropa banatzen, gauzak banatzen, eta, pixkanaka-pixkanaka, bigarren eskuko denda bat bihurtu da. Izatez, bi denda dira: bata arropena, eta bigarrena, materialena", aditzera eman du.

"Hasi ginen arropa eta gauzak banatzen, eta, pixkanaka, bigarren eskuko bi denda eraiki ditugu"

Denda bakoitzean langile bana duten arren, boluntario talde finko bat dute asteroko martxa eramateko, eta gero, 70 laguneko talde zabal bat dute, bi hilabetetik behin parte hartzen dutenak. "Horrela, sei hilabeterako pertsonala bermatuta izaten dugu denda zabalik edukitzeko". Ateratzen duten diruarekin hainbat eratako ekintzak antolatzen dituzte: herriko prekarietateari eta migratzaileen egoerari buruz gizartea kontzientziatzeko, migratzaileak euskalduntzeko eta abar.

"Horrez gain, udalak behar gehien duten familien zerrenda pasatzen digu, eta 80 bat familiari arropa ematen diegun doan, udazkenean zein udaberrian. Gainerakoan, gure dendetan euro batera edo bira, edo behintzat oso merke, jartzen ditugu gauzak salgai, eta hortik lortzen duguna gure ekintzak antolatzeko erabiltzen dugu. Konfiantza daukagun elkartasun proiektuetara ere bideratu izan dugu dirua”. Ororen gainetik, dendek ongi funtzionatzearen gakoa "boluntariotza lan handiari" dela azpimarratu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide