Bere barrura sartu da Idoia Telleria argazkilaria (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 1977), Zarauzko Photomuseumera sartzearekin batera. Ni naiz, Idoia erakusketa zabaldu du bertan, bere aurpegi asko batzen dituena, autorretratuak naturarekin uztartuta. Lehen aldiz bisitatu du erakusketa, eta esan du irudiak ikustean horiek ateratako uneaz gogoratzen dela; uneaz, eta une horretan sentitzen zuenaz.
Ni naiz, Idoia izena du erakusketak. Zein da erakutsi nahi izan duzun Idoia hori?
Idoia bat baino gehiago daude erakusketa honetan. Gaia edo landu nahi dudana izan da identitatea, nortasuna, nongotarra naizen... Eta, aldi berean, nigan dauden emakume ezberdin askoren identitateak.
Idoia horiei guztiei aitortza egin nahi izan diezu?
Bai, emakume ezberdina naizelako bikote gisa, ama gisa, argazkilari gisa, lagun gisa, alaba gisa... Konturatu naiz, bizitzak aurrera egin ahala, eta izan ditudan bizipenen arabera, nigan emakume ezberdinak daudela, eta horiek denek egiten dutela Idoia.
Autorretratuak eta natura uztartu dituzu. Zergatik?
Beti izan naiz pertsonen erretratuak egin zalea. Azken urteetan, naturarekin birkonexio bat izan dut, eta bertan oso ondo sentitzen naizela konturatu naiz. Naturako hainbat gune bisitatu ditut, eta horiei nire barne galderak botatzen nizkien. Aldiz, argazkiak ateratzeko erabili dudan modua argazki bikoitza izan da; autorretratuak dira, baina ni naiz argazkilaria. Ohituta nago besteei argazkiak ateratzera, baina nire buruari ez hainbeste, edo, izatekotan, tripode baten gainean. Baina kasu honetan, neure buruaren argazkilaria izan nahi nuen.
Eta zergatik zuri-beltzean?
Oso zuri-beltza naiz ni [barrez]. Kolore gutxi erabiltzen dut, bai bizitzan, bai janzkeran, eta bai argazkigintzan. Bada nire identitate bat. Koloreak beste konnotazio bat ematen dit. Zuri-beltza erabiltzean, forma dago, kontrasteak eta testurak daude, eta begiradak zuzenean joaten dira nahi duzun horretara.