Iritzia

Herritarra

Andoni EgaƱa - Berria 2023ko aza. 11a, 12:00

Ivan Illaramendiren hilketa gaiztesteko elkarretaratzea, Lege Zaharren Enparantzan. (Aritz Mutiozabal)

Ivan Illarramendiren hilketa izan zuen atzo hizpide Andoni Egañak 'Berria' egunkariko Hitz etzanak iritzi atalean.

Hiri handietakoekin ez da gertatuko. Baina txikiagoetakoak garenoi gertatzen zaigu. Urruti ez bada ere, kanpoan zabiltzala norbait hurbildu eta zure herrikoa dela esaten badizu eta ezagutzen ez baduzu, segituan ekingo diozu galdeketari. Ze familiatakoa? Zein dira zure deiturak? Ze auzotan bizi zineten? Jakin egin nahi izaten dugu kanpoan aurkitu dugun hori zenbateraino den gureko.

Duela hilabete hedabideek Hamasek bahitu zituenen artean zarauztar bat bazela ekarri zutenean, antzeko jokaera izan genuen. Nor da? Ze familiatakoa? Zein du aita? Zein ama? Non bizi ziren? Noiz joan ziren Bilbora bizitzera? Minak ere, min izan dadin, behar du nonbait non sustraitua. Herenegun bazkalondoan iritsi zen Ivan Illarramendiren heriotzaren berria. Eta ez zen erraza mina kokatzen. Herritarra. Merezi gabe, bidegabekeriaz eraila. Beste bidegabekeria zabalago batek tartean harrapatu zuena... Kibbutzak. Kooperatibak. Israel. Hirurogeiko hamarraldiaren hasieran lurralde harekiko euskaldun askok sentitu zuen lilura... Pentsamendu asko, eta min bat.

«Iritsiko da eguna... iritsiko duguna» esan/kantatu izan dugu askotan. Ez naiz hain mezu mesianikoen zale. Agindutako lurra gauetik goizera bihurtzen baita agintarien lur. Eta herritar xeheek ordaintzen dute. Beti.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide