Familiako sekretua argitara

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko azaroaren 10a

Karmele Agirrezabala zarauztarra, 'Hambre de madre' liburuarekin. (Utzitakoa)

Agirrezabalak 1892-1952 urteak agertoki dituen liburua argitaratu du. Karmen ama eta Marta amona abiapuntu hartuta, garaiko emakumeei eta haur abandonatuei omenaldia egin die. 

Karmele Agirrezabala zarauztarrak udaberrian Hambre de madre liburua argitaratu zuen, bere familiako pasarteak eta liburua idazten ari zen bitartean deskubritu zuen sekretu bat abiapuntu hartuta. "Gure amari asko gustatzen zitzaion bere txikitako eta gaztetako istorioak kontatzea. Azken urteetan kostatu egiten zitzaion elkarrizketa bat jarraitzea, baina bere haurtzarako kontuak berdin-berdin azaltzen zituen, oso kontalari ona baitzen. Senideok tira egiten genion, bera ere hitz egiten saia zedin, eta askotan pentsatu nuen grabatzea, bestela berarekin galduko zirelako istorio horiek guztiak. Pentsatu bai, baina ez nuen sekula grabatu", azaldu du zarauztarrak.

Agirrezabalaren ama hil ondoren, ordea, seme-alabak juntatu eta amak kontatzen zituen istorioak gogoratzen hasi ziren. "Bururatu zitzaidan kontu horiek bildu eta familiakoen artean banatzeko orritxo batzuk idaztea, belaunaldi berriek ere ezagutu zitzaten. Horrelaxe hasi nintzen idazten, baina hasieran ez nuen liburua idazteko asmorik. Hori gerora iritsi zen, ikerketa lana eginda, guretzat ezezagunak ziren hainbat xehetasun ezagutu nituenean".

Bi belaunaldi

Hambre de madre liburua idazteko ikerketa eta idazketa uztartu zituen Agirrezabalak, eta zati desberdinetan banatu zuen lana. "Alde batetik, gure amaren haurtzaroko istorioak biltzen ditut, eta horiek saiatu naiz berak kontatzen zizkigun bezala azaltzen, bere hitzak eta esamoldeak erabiliz". Hasierako zatian, ordea, denboran aurrera egiten du Agirrezabalak, bere amona jaio zen garaira, XIX. mende bukaerara. "Garai hura azaltzeko datuetan oinarritu naiz, baina kontakizuna nik sortutakoa da", zehaztu du. 

Liburua idazteko ikerketa lana egiten ari zela, familian ezezaguna zen sekretu bat jakin zuen Agirrezabalak. "Gure amaren jaiotza agiria aztertu nuen; bertan zehazten du nire amaren gurasoak zein ziren, baita bere aitona-amonak ere. Orduan jakin nuen nire amona abandonatutako haurra izan zela, kaxako umea bezala ezagutzen dena, alegia". Haritik tiraka ikertzeari ekin zion zarauztarrak, eta bere amona Martaren bizitzan sakontzeko aukera izan zuen. "Hori izan zen gure amak inoiz kontatu ez zigun sekretua: ez dugu sekula jakingo berak bazekien edo ez zekien".

Agirrezabalak aitortu du berarentzat oso berezia izan zela guztiz ezezaguna zen istorioa ezagutzea. "Ikertzen hilabeteak pasatu ondoren, jakin nuen gure amona Bedaio auzoan hazia izan zela, Tolosan [Gipuzkoa]. Bertara joan nintzen, eta hango auzotarrekin hitz egin nuen. Gaur egun baserria erorita dago, baina harrizko paretek zutik jarraitzen dute, eta inpaktu emozional handia eragin zidan nire amona hazi zen baserri hartan egoteak". Horregatik, Hambre de madre liburua bi belaunalditako emakumeei egindako omenaldia dela azpimarratu du: "Batetik, nire amari eta bere belaunaldiko emakumeei, eta bestetik, amona Martari. Gure amak ia ez zuen ezagutu, bi urte zituenean hil zelako amona. Liburuarekin Martaren bizitzari balioa ematea nahi dut. Izan ere, jaioberritan abandonatu zuten, eta gazte hil zen bere bosgarren haurra erditzen ari zenean; bitarte horretan oso bizitza tristea izan zuen, garaiko egoera gogorrak baldintzatutakoa". 

Zarauztarrak gogoratu du garai hartan Gipuzkoa "oso pobrea" zela. "Biziraupeneko ekonomian oinarritzen zen, eta baserri gehienetan bertan ekoitzitakoarekin bizi ziren, ez zuten dirurik izaten. Gipuzkoako Foru Aldundiak hilean 7,5 pezeta ordaintzen zien inudeei abandonatutako haurrei bularra emateagatik eta etxean hartzeagatik, eta miseriari aurre egiteko lanbidea bihurtu zen emakume askorentzat, eskudirua lortzeko modu bat", azaldu du.

Testuinguru "gogor" hartan haurrak abandonatzea "orain baino ohikoagoa" bazen ere, Agirrezabalak horren atzean zegoen sufrimendua azpimarratu nahi izan du. "Garaiko emakumeei omenaldia egin nahi izan diet, uste dudalako emakume haiek asko sufritzen zutela beren seme-alabak uzten zituztenean. Horrez gain, kaxako umeak ere aitortu nahi ditut liburu honetan. Asko eta asko dira, eta oso gutxi hitz egin da errealitate horri buruz, lotsagatik ezkutuan mantendu delako. Horregatik, historiaren zati hori plazaratu nahi izan dut". 1892-1952 urteen arteko Gipuzkoa eta garaiko emakumeen bizimodua sakonago ezagutu nahi dutenek Hambre de madre liburua eskuragarri dute Zarauzko Garoa liburu dendan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide