Herrien eta hirien erronkak izango ditu ardatz Zientziaz Blai ekimenak

Aritz Mutiozabal 2023ko azaroaren 11

Iazko Zientziaz Blai ekimena. (utzitakoa)

Datorren asteartean izango da, azaroaren 14an, Modelo aretoan, eta Zarauzko hiru ikertzaile gaztek beraien proiektuak aurkeztuko dituzte. Ula Iruretagoiena arkitektoa eta hirigileak ere hartuko du parte.

ZarautzOn elkarteak antolatuta, Zarautzen Zientziaz Blai ekimena egingo dute bederatzigarrenez, herrian zientzia eta teknologia dibulgazioa sustatzeko eta, bide batez, herriko ikerlari gazteei hitza emateko. Aurtengo edizioan, bertako herrien eta hirien erronkak izango dituzte hizpide, nolabait ere, ingurune osasungarriak, jasangarriak eta pertsonekiko lagunkoiak eraikitzeko. "Horretarako, beharrezkoa da zientzia ezberdinen elkarlana, guztien artean pertsonen eta komunitatearen zerbitzura egongo den habitat jasangarriago bat eraikitzen laguntzeko", nabarmendu du ZarautzOnek.

Egitasmoa Zarauzko hiru ikertzaile eta profesional gaztek hartuko dute parte: Miren Juaristik, Harbil Arregik eta Iñigo Ocamicak. Eraikuntza jasangarriarekin, mugikortasun berdearekin eta biztanleentzako zentzuzko nahiz arimazko hiri diseinuarekin zerikusia duten proiektuak aurkeztuko dituzte. Ekitaldia datorren asteartean izango da, azaroaren 14an, 19:00etatik aurrera, Modelo aretoan.

Era berean, gonbidatu berezi moduan, Ula Iruretagoiena arkitektoa, hirigile eta EHUko Arkitektura Eskolako irakaslea ariko da hizlari. Hain justu ere, berak itxiko du aurtengo ekitaldia. Iruretagoienak irakasle lana praktika profesionalarekin eta dibulgazioarekin uztartzen ditu, eta Gara egunkariko eta Argia aldizkariko ohiko kolaboratzaile da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide