Kanabera espezie inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute etzi

Juan Luis Romatet 2023ko azaroaren 9a

Larunbatean egingo da kanaberak kentzeko jarduera. (Arkamurka natur taldea)

Iñurritzako biotopoan ateratako kanabera espezie inbaditzaileak kentzeko auzolan saioa deitu du Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak. Etzi egingo da, goizez, eta udaletik egindako deialdiarekin bat egin du Arkamurka natur taldeak ere.

"Landare espezie inbaditzaileak espazio zabalak betetzen dituzte bertako espezieak desagerraraziz, eta biodibertsitatean kalte handiak eraginez", adierazi dute Zarauzko natur taldeko kideek beraien webgunean. "Natura zaintzeko beharrezkoa da ekosistema bakoitzean garatu behar duten espezie desberdinak babestea. Inbaditzaileek, berriz, kanabera kasu, espazio osoa betetzeko gaitasuna dute eta bertako espezieekin lehiatzeaz gain, hauek desagerrarazteraino iritsi daitezke", gaineratu dute naturazaleek.

Biodibertsitatea gorde

Arkamurkako kideen ustetan, "Naturan garrantzitsua da espezie ezberdinak elkar nahasian egotea, era horretan biodibertsitatea kontserbatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzen direlako. Beraz, kanaberak biotopotikan auzolanean kenduaz lortu dezagun oreka ekologiko hori ahal den egokien mantentzen".

Larunbat goizean egingo da espezie inbaditzaile hauek kentzeko jarduera. Parte hartzeko interesa duten lagunek goizeko 9:00etan egon beharko dute Iñurritza biotopoko sarreran, Kaskatxuri aurrean. Eskularruak eta katiuskak ekartzea gomendatu dute antolatzaileek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide