Josu Txapartegi Txapasen dozena bat abesti baino gehiago biltzen dituen Txapasen kaxa magikoa disko-liburu ilustratua aurkeztuko dute larunbatean. Modelon izango da ekitaldia, 11:00etan, eta bertan emango dituzte liburu ilustratuaren eta abestien azalpenak.
Ipuina Arantxa Urbek idatzitakoa da, eta ilustrazioak Irrimarrak jarri dizkio. Diskoa, berriz, Txapasek konposatutako 16 abestiz osatuta egongo da, Pirritx, Porrotx, eta Marimototsek haurrez lagunduta abestu dituztenak –Montexio eta Xumela abesbatzetako umeek ere abestu dute bertan–. Xabier Zabala aritu da abestien egokitze lanetan, eta kantu guztiekin istorio bat osatzea izan da helburua. Katxiporreta Kooperatibak musikari zarauztarraren "lan hezitzaile nekaezina" aitortu nahi izan du disko liburuaren bitartez, eta produktuek izaera hori jasoko dutela azaldu dute.