IRITZIA

Ura bare dago ordutik

Aner Euzkitze/Berria.eus 2023ko aza. 4a, 13:00

Beltxarga Beltza Ahateen Parkean. (Zarauzko Udala)

Aner Euzkitzek Berria egunkarirako idatzitako iritzi artikuluan Zarauzko Ahateen Parkean 2020an sortu zen ahateen eta beltxargen arteko hegemonia-borroka izan du hizpide, eta Zarauzko Hitzak argitaratutako albisteak ere ekarri ditu gogora.

Ez-pertsonentzako bi putzu daude Zarautzen: arrainen parkekoa eta ahateen parkekoa. Ahateena Villa Munda eraikinaren ondoan dago, bertso-eskolarentzako lokala daukagun eraikin hotzaren sarreran. Duela urte asko hil zen eraikina, eta haren gorpuaren barnean pentsatzen ditugu amaierak. Kuriosoa da poetikoa ez bada. Azken urteetan ia ostiral arratsaldero igaro ditut ordu-laurdenak urmaelari so, ikasleak noiz helduko.

Ahateen parkeak 30 bat metro luze eta 15 zabal izango ditu (neurri hauek oso desinformatzaileak dira). Ez da dena ura ere. Uhartetxo bat du erdian, eta bertan, txabolatxo bat, zuhaitz batzuk eta janaridun egitura berde-hori nahiko itsusi bat. Handik aurrera bihurgune bat egiten du urak, eta penintsulatxoak daude bihurguneen ertzetan. Uharterako zein penintsuletarako, uretan hasten (edo bukatzen) diren metalezko aldapatxo xalatuak daude, animaliak bertatik igo daitezen lurrera. Aldapak edo goranzko zubiak, ez dakit. Urmaelaren erdian eskultura altu bat, nire ustez iguana baten antza duen animalia bat duena. Ez du zentzu handirik baina hor dago.

Ahateen parkean ez daude ahateak soilik. Ikusi baititut, badakit hainbat koloretako ahateez gain, dortoka taldeak eta beltxarga batzuk ere badaudela. Arrainen batzuk ere egongo dira, beti daude arrainak. Tartean behin, txori marroi normal horietako batzuek ere hartzen dute lur hesi berdearen barruko eremuan, baina ez dira hor bizi.

Ni, neurez, ahateen eta beltxargen arteko hegemonia-borrokan ahateen alde nago. Ahate itsusiak eder bihurtu zelako lortu zuen loria. Orduan bai merezi duela itsusi izatea: proto zisne zuri bat ez bazara ixo, Txiribiton. Bai, ahateekin nago topera, eta halere, ahateen parkeko beltxargei buruz hitz egingo dut hemen.

2020ko udan beltxarga zuri bat ekarri zuten. Ez dakit zenbat beltz zeuden, baina zisne zuriaren eta beltz baten arteko harremana zen protagonista eztabaidaezina. 

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide