Gastrogauak egitasmoa antolatu dute bigarrengoz, afariak zuzeneko musikarekin eskaintzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko azaroaren 4a

Tivoliko Gonzalo Rodriguez, Gran Camping Zarautzeko Ana Campoamor eta Otzarreta jatetxeko Bittor Gesalaga, ostiralean, Otzarretan. (Onintza Lete Arrieta)

Aurten Gran Camping Zarautzen, Tivolin eta Otzarreta jatetxean eskainiko dituzte afariak azaroaren 10ean eta 17an eta abenduaren 1ean, eta tokia aurrez hartu beharko da. Zuzeneko musika Filipe Court, Szamana eta Iker Pirisek jarriko dute.

Gastrogauak egitasmoa antolatu du bigarrenez Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak, herritarrek afariak zuzeneko musikaz lagunduta dastatzeko aukera izan dezaten. "Iaz arrakasta izan zuen" proposamenak, eta aurten hiru jatetxe berri aukeratu ditu Zurekinek eskaintza berezirako: Gran Camping Zarautz, Tivoli eta Otzarreta jatetxea. 

Hiru jatetxe horietako arduradunak elkartu ziren ostiralean talde argazkia ateratzeko Otzarreta jatetxean, eta uda honetan "lana ondo" egin dutela aipatu zuten, baina "iazkoa hobea" izan zela zehaztu zuten, eta gustura agertu ziren Gastrogauak egitasmoan parte hartzeagatik: "Ea jendea animatzen den parte hartzera". Zuzeneko musika eskainiko duten abeslari eta taldeen kalitatea ere azpimarratu zuten. Filipe Court, Szamana eta Iker Piris arduratuko dira afarietan giro goxo eta erlaxagarria jartzeaz.

Afariak ostiraletan izango dira: azaroaren 10ean izango da aurrenekoa Gran Camping Zarautzen, hilaren 17an Tivolin, eta abenduaren 1ean, berriz, Otzarretan.

Hitzorduak

  • Azaroak 10, ostirala: Gran Camping Zarautz erretegian, Filipe Courten kontzertuarekin. Erreserbak: 943-19 56 58.
  • Azaroak 17, ostirala: Tivoli jatetxean, Szamanaren kontzertuarekin. Erreserbak: 943-83 15 24.
  • Abenduak 1, ostirala: Otzarreta jatetxean, Iker Pirisen kontzertuarekin. Erreserbak: 943-13 12 43.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide