Mitxelenan eta Zelai Ondon mantenu lan bereziak egingo ditu udalak datorren astean

Onintza Lete Arrieta 2023ko azaroaren 3a

Zelai Ondoko biribilgune bat. (Zarauzko Udala)

Auzoz Auzo izeneko programaren barruko lanak dira, udal brigadak eta lorezaintza eta kale garbiketa zerbitzuek elkarrekin egiten dituztenak. Udalak azaldu du Herrilan departamentuak urrian aztertu zituela bi gune horietako beharrak, eta besteak beste, zoladurak errepasatu eta konponduko dituztela, baita hiri altzariak eta azpiegiturak konpondu ere.

Zarauzko Udalak ohar bidez jakinarazi du mantenu lan bereziak egingo dituztela datorren astean Mitxelenan eta Zelai Ondon. "Herrilan departamentua osatzen duten sail eta zerbitzu desberdinetako arduradunek joan den hilean aztertu zituzten bi guneetako beharrak, eta datorren astean emango diote hasiera mantenu lan horiei", esan dute udal ordezkariek. Besteak beste, zoladurak errepasatu eta konponduko dituzte, baita hiri altzariak eta azpiegiturak ere –arketa-tapak, esaterako–.

Zarauzko Udalak orain dela zenbait aste jarri zuen Auzoz Auzo izeneko programa. Egitasmo horren helburua da herriko auzo bakoitzak dituen mantenu behar zehatzak aztertu eta betetzea. Udal brigadak eta lorezaintza eta kale garbiketa zerbitzuek elkarrekin egiten dute, eta aurreneko lanak Itxasmendin egin zituzten.

Udalak azaldu duenez, garbiketa zerbitzu berezia jarri zuten martxan, egunerokoaz gain, garbiketa sakona egiteko beharra zuten hainbat puntutan. Gainera, udal brigadak Pagoeta parkearen inguruko 24 eserleku berritu zituen, eta auzoko hainbat zoladura eta zintarrietan konponketak egin zituen. Lorezaintza zerbitzuak ere lanketa berezia egin zuen hainbat egunez Itxasmendiko lorategi eta jardinen zainketan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide