Belarriko kilkerra liburuan ahoz kontatu eta belarriz jasotako istorioak bildu ditu Getariako bizilagun Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984), Begoña Durrutyren ilustrazioekin lagunduta. Inguruan dituen kontalariek kontatutako pasadizoak dira asko. Orain, lan berria aurkezten ari da hainbat herritan. Zarautzen bihar egingo du, eta Anjel Lertxundi idazlea izango du lagun aurkezpenean; izan ere, berea da liburuan jaso duen kontakizunetako bat. Garoa liburu dendan jarri dute hitzordua, 19:00etan.
31 kontalariren istorioak bildu dituzu liburu batean. Nondik sortu da ideia?
Itxialdi garaian, etxekoak entretenitze aldera, aitari ahots mezuak bidaltzeko eskatu nizkion, txikitako eta gaztetako kontu eta anekdotekin. Hutsik egin gabe, hirurogei egunez, hirurogei grabazio bidali zizkigun, hamar minutu ingurukoak guztiak. Bada, askatzea lortzen ez nuen ipuin luze batekin amorratuta nenbilen, eta aitak itxialdi garaian bidalitako audio mezu horiez oroitu nintzen orduan. Gehien gustatu zitzaizkianak edo niretzat grazia gehiena zutenak idatziz jartzeko ariketari ekin nion orduan. Batez ere, ahoz zuten indarra mantentzen zuten edo ez ikusteko, eta asko gustatu zitzaidan ariketa. Hala, inguruan kontalari ontzat ditudanak xaxatzen hasi nintzen, kontatzea merezi zuten istorioen bila, eta hortik sortu da Belarriko kilkerrak liburua.
Eskualdeko noren ahotsak jaso dituzu, adibidez?
Askorenak. Istorio ia denak dira norbaitek ahoz kontatuak, nik belarriz jasoaz eta idatziz emanak. Ia denak esaten dut, badaudelako pare bat nire oroitzapenetatik ekarritakoak, gure aitonak kontatzen zizkigunak. Era berean, badaude beste bospasei ahotsak.eus ataritik arrantzatutakoak. Eskualdeko ahotsei dagokienean, dezente dira. Getarian, adibidez: Amagoia Iturraldek kontatu dit istorio bat, Bego Alberdik beste bat, baita Iker Alberdik ere. Zarauztik, Asier Serranok, Felix Zubiak, Iñigo Altunak, Iñigo Manzizidor Mantxik, Koro Agotek, Martxel Aizpuruak eta Olatz Mercaderrek. Oriotik, Iñaki Gurrutxagaren bat bada tartean. Azpeitiatik, berriz, Sebastian Lizasorekin izan naiz eta Jokin Urangaren kontakizunak jaso ditut.
Horietatik guztietatik zein da zuretzat bereziena? Zein egin zaizu bitxien?
Ez dakit. Asko dira, libururako aukeraketa bat egin behar izan dut. 150-200 istorio inguru entzun ditut guztira, eta hortik 60 sartu ditut liburuan. Zentzu horretan, nik uste dut horrelako kontakizunek indarra eta zentzua hartzen dutela elkarren ondoan. Hau da, banaka politak izan daitezke, baina elkarren ondoan ikusita, asko esaten dute giza baldintzei buruz, haurtzaroari buruz, esaten dute gure beharrei buruz, gure alderdi argiei eta ilunei buruz. Niri gustatzen zait elkarrekin sortzen duten entsalada hori. Begoña Durrutyk ilustratu du liburua, eta kapitulu bakoitzean egin du halako mural moduko bat kontakizun bakoitzetik hartutako xehetasunen batekin; kontakizun guztietako zerbait marraztu du, baina atal bakoitzean sortu du halako komunitate edo herri moduko bat istorio horietako elementu guztiak elkarrekin jarrita. Berak deitzen die horiei: entsaladak. Niretzako entsalada horrek du grazia. Liburu honek duen indarra da istorio hauetako bakoitza norbaitek zerbaitegatik gogoan gorde duela memorian. Eta gogoratu bakarrik ez, zerbaitegatik aldian-aldian lagunen konpainian edo kontatu izan du.
Zer nolako esperientzia izan da zuretzat, nolabait esateko, ahots horiei bizitza ematea?
Plazer bat izan da niretzat. Gainera, nik ez nekien noiz iritsiko zitzaizkidan kontakizun horiek. Batzuetan bai, hitzordua jarrita geratu naiz beraiekin, baina beste batzuetan, ni nire lanetan ari nintzen eta bat-batean telefonora iristen zitzaidan grabazio bat eta istorio bat. Jartzen nintzen entzutera, eta gustatzen bazitzaidan ahalik eta zuku handiena ateratzen saiatu naiz. Egia esanda, liburua bukatu eta ariketari jarraipena emateko gogoz geratu naiz.
Jarraipena emateko asmoa duzu, beraz?
Bai, emakumeen istorioak biltzeko gogoz geratu naiz, iruditzen zaidalako gure genealogian hutsune nabarmenak daudela, eta batez ere, idatziz oso gutxi jaso direla. Asko dira modu batera edo bestera gauza bereziak gertatu zaizkien edo egin dituzten emakumeak; edota arauetatik atera direnak. Bota ditut amuak, eta jarraituko dut.
‘Surflaria’ komikia ere kaleratu du Uxue Alberdik
Belarriko kilkerra liburua ez ezik, Surflaria komiki liburua ere kaleratu berri du Getariako bizilagunak. Hain zuzen ere, atalka argitaratzen joan da azken hiru urteetan Xabiroi aldizkarian, eta orain, album formatuan plazaratu du lana, Susana Martin ilustratzailearekin batera.
Kasu honetan, «nerabeetan eta hortik aurrerako» publikoari zuzendutako komiki liburua dela zehaztu du Alberdik. Aldi berean, «misteriozko kontakizuna» da Surflaria: «Bizitzaren eta heriotzaren urek bat egiten duten istorioa» bezala definitu du.
Zarautzen kokatzen da kontakizuna. Amaia protagonistetako batek jaso duen telefono dei batekin abiatzen da: hamar urte atzera itsasoan desagertutako Eki laguna eta maitalea hiltzat jo dute. Hileta egin behar diote hari, eta horrek itzularaziko du Amaia Zarautzera, jaioterrira, haurdun dagoen momentuan. Alberdik azaldu duenez, “bizitza sortzen ari den unean heriotza aterako zaio aurrean protagonistari, eta horrek hainbat galdera sorraraziko dizkio».
Liburuaren nondik norako guztiak kontatzeko, liburu aurkezpena izango da Zarauzko Garoa liburu dendan, abenduaren 15ean.