Gesoerreka basoa bisitatzeko irteera egingo dute igandean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko azaroaren 2a

Gesoerreka basoa. (Zarauzko Hitza)

Udalak antolatu du naturarekiko sentsibilizazioa sustatzeko eta zarauztarrei herriko natur guneak ezagutzeko aukera emateko. Vista Alegre parkeko sarreran jarri dute hitzordua 9:30ean eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.

Zarauzko Udalak antolatuta, irteera egingo dute Gesoerreka basora igande goizean. Herritarrek natur gunea bertatik bertara ezagutu ezko aukera eskaintzea da helburua, baita naturarekiko sentsibilizazioa areagotzea ere. Azken batean, Zarauzko bizilagunek ere herriko ondare naturalaren eta biodibertsitatearen zaintzan parte hartu dezaten nahi dute.

Udalak azaldu duenez, Gesoerrekara egingo duten bisitan arkamurka basoa berreskuratzeko aldundiarekin batera egin dituzten lanen emaitza erakutsiko diete parte hartzaileei eta ezkur bilketa ere egingo dute. Bildutako ezkurrak basoan ereingo dituzte urte hasieran.

Ekimenean parte hartu nahi dutenek Vista Alegre parkeko sarrera nagusira agertu beharko dute igandean 09:30ean. Hori bai, aldez aurretik jakinarazi beharko dute bertaratzeko asmoa dutela 943-00 51 59 telefono zenbakira deituta edo zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbide elektronikora mezua idatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide